Zonbi kubatarren iraultzarekin bukatuko da Beldurrezko Astea
‘Juan de los muertos’ filma aurkeztu dute Beldurrezko Astean. Antzoki Zaharrean proiektatuko dute bihar gauean; eta arratsaldean ‘Poteo of the Dead’ zonbi martxa egingo dute Parte Zaharrean
Kubako Iraultzak 50 urte bete dituenean, iraultza berri bat helduko da Karibeko irlara. Infekzio misteriotsu bat hedatzen ari da. Zonbiek Habana hartu dute. Giza haragia jateko gosez ibiliko dira hildako bizidunak. Istorio honekin bukatuko da bihar Beldurrezko Astea, Alejandro Brugueraren ‘Juan de los muertos’ filmarekin.
Protagonistak, Juanek, etekina atera nahi dio egoerari, eta negozio berria jarriko du abian: «Juan hildakoena. Zure lagun minak hiltzen ditugu». Kutsatu egin diren herritarrak hil, eta Juan eta bere lagunak aberastu egingo dira. Egoera, ordea, gero eta zailagoa izango da. Inork ez daki zein den infekzioaren jatorria, eta hare gutxiago, zein den. Kubako gobernuak AEBek iraultzaren kontra egiteko erasoa dela dio, baina Juanek badaki zonbi hauek ez direla kubatar disidenteak.
‘Juan de los muertos’ filmaren Gervasio Iglesias ekoizlea eta Jazz Vila eta Andrea Duro aktoreak izan dira Donostian filma aurkezteko. Iglesiasek filma egiteko ideia duela lau urte sortu zela azaldu du: «Habanan nengoen Alejandro Bruges zuzendariarekin. Kafetegi batean geunden , Jendeari begira. ‘Jende honekin zonbien inguruko film bat egin dezakegu, eta makillajerik gabe gainera!’, pentsatu genuen. Izan ere, 50 urteko iraultzak nolabait zonbi bihurtu ditu kubatarrak ».
Komedia lotsagabea Komedia lotsagabea egin nahi izan dute. Kubatar -peto-petoak diren pertsonaiekin: «Filmean egiten dituzten hainbat gauza benetakoak dira. Bruguesek bere anaiaren bizitza eta haren lagunena izan du inspirazio iturri. Eta aldi berean, kubatarrei egunero burura etortzen zaizkien zalantzak, gogoetak ere islatu nahi izan ditu».
Ikusmin handia piztu du filmak: «Kuban egindako film bat izateagatik bakarrik ikusmina pizten du. Eta gainera zonbi komedia kubatarra baldin bada…», adierazi du ekoizleak. «Zinema asko egiten ari dira Kuban, baina zaila da hura nazioartean erakustea. Gu geu ere harrituta gaude ekoizpen independente bat egiteko gai izan garelako».
Akzioz eta abenturaz jositako lana da. Kubako lekurik ederrenak ere erakusten ditu filmak, malekoia, tartean. Zuzendariaren ustez, «Habana ederra erakutsi nahi izan dut, benetan maite dudan Habana. Merezi du Habanarengatik bizitza arriskatzea eta borrokatzea».
Zinema areto komertzialetan urtarrilaren 6an izango da ikusgai. Gaur Antzoki Zaharrean proiektatuko dute 21:45ean, eta sarrerak agortuta daude jada.
Bihar eguerdian emango dute Beldurrezko Astearen palmaresaren berri. Ikusleek sail ofizialeko film luzeei nota jarri diete egunotan, eta puntu gehien lortzen dituenak Ikusleen Saria eskuratuko du. Momentuz ‘Lobos de Arga’ komedia fantastikoak lortu ditu puntu gehien. Gorka Otxoa aktore donostiarra protagonista duen lanak nota ona izan du, 8,3koa. Bigarren postuan ‘Attack the Block’ filma dago, 7,63 punturekin. Halere, bihar eguerdia arte itxaron beharko da azken puntuazioaren berri izateko; ‘Chillerama’, ‘Hobo with a shotgun’, ‘Panic Button’ eta ‘The Woman’ falta baitira proiektatzeko.
Jaialdiaren azken egunean Beldurrezko Astea kalera aterako da. Zineman ez ezik, kaletik ere ibiliko dira zonbiak. Izan ere, Nekrogune ekimenak zonbi martxa edo Poteo of the Dead beldurgarria prestatu du bihar 19:00etan. Parte Zaharrean ibiliko baitira tabernaz taberna. Aurten ere, iaz bezala, makillatzeko gune bat jarriko dute Bulebarreko kioskoan 16:30ean.
Malakias, zinema heroiak… Antzoki Zaharrak eta Viktoria Eugeniak ohiko programazioa berreskuratuko dute,hurrengo urte arte, beldurrezko jaialdiaren 23. ekitaldia iritsi arte. Hiriko beste zenbait gunetan, ordea, fantasiazko eta beldurrezko generoaren inguruan antolatutako jarduerak izango dira hil honetan: erakusketak gehienak. Okendo kultur etxean Vicente Ballestar marrazkilari katalanaren marrazkiak, eta Malakias sortzaile finlandiarraren plastilinazko irudiak izango dira ikusgai abenduaren 10a arte. Udal Liburutegiaren San Jeronimo kaleko jarduera aretoan ‘Zinema heroiak’ erakusketak aurrera jarraituko du azaroaren 13a arte.