"Banekien agian aurrean ibiliko nintzela, baina hortik lehena izatera..."
Iñaki Garaban, Uliako I. Txakurkroseko txapelduna
Orain arte triatloietan ibili ostean, txakurkroseko zale bihurtu da Iñaki Garaban; hilabete hasieran jokatutako Uliako lasterketan irabazlea izan da.
Lehenengo aldiz, Gipuzkoako Txakurkros Liga antolatu dute. Liga bost probek osatuko dute, eta lehenengoa azaroaren 6an jokatu zuten, Ulian. Txapelduna Iñaki Garaban (Altza, 1977) izan zen, Bubus txakurrarekin. Sekulako euri zaparrada egin zuen egun hartan, baina horrek ez zituen kikildu eta 35’25 minutuko denbora egin zuen Garabanek. Dagoeneko txakurkroseko zale bihurtu dela onartzen du eta Gipuzkoako Ligako gainontzeko probetan parte hartzeko asmoa du. Horretaz gain, Espainiako Kopako probetan ere parte hartzen ari da. Bere esperientziaren berri eman dio Irutxuloko Hitzari.
Uliako txakurkrosera zein helbururekin joan zinen? Irabaztera?
Ez ,ez! Ez nuen irabazteko helburua jarri. Banekien agian aurrean ibiliko nintzela, baina hortik lehena izatera… ezustekoa izan zen.
Euri asko egin zuen. Nola moldatu zineten?
Eguraldia infernu hutsa izan zen eta bidea oso arriskutsua zegoen. Lokatz pila bat zegoen eta aldapak jaistea zoratzeko modukoa zen. Gainera, Behobia-Donostiarako prestatzen ari nintzen eta ez nuen gehiegi esfortzatu nahi. Azkeneko igoeran aurrean nengoela ikusi nuen eta ezustean bigarren zihoana harrapatu nuen; eta azkenean, irabazi.
Txakurra ongi moldatu zen?
Txakurra primeran aritu zen, oso ondo. Gainera, ez da nirea, lagun batek utzi zidan, Juan Mari Lujanbiok, patroi izandakoak. Berarekin egiten nuen lehenengo lasterketa izan zen Uliakoa, eta oso ongi moldatu ginen. Oso zintzoa da, asko bultzatzen du eta niretzako sekulako laguntza izan zen.
Aurretik entrenatuko zenuen berarekin, ezta?
Bai, askotan. Iaz hasi nintzen berarekin korrika, eta astean bitan entrenatzen dugu. Normalean Jaizkibelen ibiltzen gara.
Garaipena ospatzeko aukera izan zenuen?
Ez dakit ospatzeko asko zegoen, baina bazkaltzera joan ginen, besterik gabe.
Gipuzkoako Ligako gainontzeko probetan parte hartuko duzu?
Bai. Uste dut bost probek osatuko dutela Liga, eta behin Uliakoa irabazita, jarraitu egin beharko dut.
Baduzu helbururik Ligan?
Besterik gabe eman nuen izena Uliako probarako, lagun batekin batera. Parte hartzeagatik, ikustera. Baina orain seriago jarri beharko naiz, ea irabazten dugun.
Aspaldi hasi zinen txakurkrosean?
Triatloietan ibili izan naiz orain arte. Baina iazko udan ez nekien zer egin eta txakurkrosean hasi nintzen, Lujanbiok animatuta. Bera duela bi urte egon zen Alpeetako txakurkros batean. Bere txakurra utzi zidan eta hara joan nintzen, 10 eguneko proba batean parte hartzera. Ez nuen bi aldiz pentsatu eta oso gustura ibili nintzen. Orain, Lujanbiok talde bat osatu du, Euskanikross izenekoa, eta bertan nabil. Dagoeneko zortzi bat gara taldean eta oso gustura nabil.
Taldekideekin ere geratzen zara entrenatzeko edo nahiago izaten duzu zure kontura aritu?
Noizbehinka egiten dut irteeraren bat Lujanbiorekin, astean behin edo. Baina bestela, bakoitza berera. Berak txabola batean ditu txakurrak, giltza utzi zidan eta entrenatzera joan nahi dudanean azaltzen naiz, nire kontura.
Euskanikross taldean nongo kideak zaudete?
Juan Mari Lujanbio eta bere emaztea, Zumaiako bat, Azkoitiar bat, eta nire Altzako lagun bat, Eneko Castillo, eta ni. Badago ere ezagutzen ez dudan besteren bat.
Gipuzkoako Ligako hurrengo proba urtarrilaren 8an izango da, Pasaian. Tartean beste probaren batean arituko zara?
Bai. Espainiako Kopako lehietan arituko naiz. Joan den asteburuan Santanderreko txakurkrosean parte hartu nuen, eta hemendik bi astera Burgosekora ere joango gara. Santanderren ez nintzen gustura geratu, bederatzigarrena izan bainintzen. Gainera, Ulian nire atzetik geratutako bi aurreratu zidaten. Gero, Jaizkibelekoa izango da, gure taldeak antolatutakoa.
Dagoeneko afiziotzat duzu txakurkrosa. Luzaroan jarraituko duzula uste duzu?
Momentuz jarraitzeko asmoa dut, oso polita eta desberdina da. Egia esan, oso gustura nabil. Eskerrak eman nahi dizkiot Urumea Euskaltegiari, ematen digun diru laguntzagatik, eta Kirolplaning-i, entrenamenduen prestaketa egiten laguntzen digulako.