Berdintasunaren aldeko antzerki obra idazten ari da Teresa Calo
Haurralde Fundazioak genero desberdintasuna eta indarkeriaren inguruko antzezlan bat jarri du abian. Ekitatea sortzen sentiberatze programaren barruan dagoen ekimena da, eta 13 urtetik aurrerako nerabeentzako prestatu dute. «Gaur egun, gazteek askatasun gehiago, komunikabide hobeak eta ordenagailuak dituzte. Egungo gazte eta nerabeak gizon eta emakumeen arteko harremanetan eman diren eredu ezkorrak alde batera uzteko prestatuago daudela pentsa genezake, baina ez da hala gertatzen», adierazi du Patricia Ponce Haurraldeko ordezkariak. «Gazteekin lan egiten dugun erakundeok, gure egunerokotasunean beste errealitate bat bizi dugu. Neska mutil gazte askorengan bortizkeria eta indarkeria jokabideak ikusten ditugu. Indarkeria ikusten dugu hainbat harremanetan. Askotan neskek beraien bikoteen inposaketak onartzen dituzte, edota mutilek ez dute kondoia erabili nahi», jarraitu du Poncek.
Teresa Calo gidoigile eta aktore donostiarra hautatu dute obraren gidoia idazteko. ‘Zertan ari gara?’ antzezlana idazten ari da: «Buelta asko eman dizkiot gai honi. Ez nuen soilik indarkeriaz eta desberdintasunaz hitz egin nahi. Nerabezaroa bera, gazteek gurasoekin duten harremana… Obra bera sketch desberdinez osatutako pieza oso bat da; eta nerabeen bizitzako une desberdinak islatzen ditu».
Ion Sagarzazu, Naiara Arnedo eta Itziar Lamuedra aktoreek parte hartuko dute obra honetan. «Barrea eragiten duten momentuak daude, baina badira une gogorrak ere. Gazteei zer pentsatua emango diete. Gogoeta eragitea da antzezlanaren helburuetako bat, eta nik uste dut obrak erakusten dituen hainbat egoeratan euren burua ikusiko dutela islatuta nolabait», azaldu du Sagarzazuk. Haurraldek, hain zuzen, gazteekin lan egin nahi du, «bortizkeria nolakoa den eta indarkeriak dakartzan arazoak azaltzeko. Estereotipoak erakutsi, indarkeria egoerak identifikatzen ikastea… Eta hau guztia antzerkia bezalako pedagoia tresna baten bidez. Material honek, gainera, nerabeentzako ez ezik, guraso eta irakasleentzako ere balio du».
Martxoaren 8an, Emakumearen Egunaren harira estreinatuko dute Urnietan. Zumarraga, Beasain, Donostia eta Irungo eskoletara ere eramango dute. Dorleta Urretabizkaiak itzuliko du euskarara, eta euskaraz aurkeztuko dute.