Euskaraz azpidatzitako filmen katalogoa eta webgunea abian da
‘Filmazpit’ izeneko euskaraz azpidatzitako zinema zabaltzeko ekimen berria aurkeztu zuten atzo. Eusko Jaurlaritzaren Euskara Sustatzeko Zuzendaritzak finantzatutako programa berria da. ‘Filmazpit’-en bidez eskaraz azpidatzitako jatorrizko bertsioak doako kultur emanaldi eta ez komertzialetan emateko eskubideak erosiko dira, hiru urterako gutxienez.
123.357 euroko aurrekontua izango du 2011n; kopuru horretatik Eusko Jaurlaritzak 95.800 euro jarriko ditu. Eta diru-laguntza honen bidez, euskaraz azpidatzitako ikus-entzunezko hamar programa ekoiztuko dira. Sei zinemaldi aukeratu dituzte programen hautaketa egiteko: Donostiako Zinemaldia, Giza Eskubideen Zinemaldia eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinearen Astea; Bilboko Zinebi; Gasteizko Mendi Film Festival; eta Basauriko Animabasauri.
Hurrengo urtean ere ekimenak jarraipena izango duela adierazi du Lurdes Auzmendik, Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak: «Euskarazko kultura kontsumoa indartzeko bidea egin nahi dugu. Oraindik euskarazko aisialdian hutsune nabarmenak daude, eta Filmazpit pauso garrantzitsua da gabezia horiei aurre egiteko».
2009an ekin zioten ikus-entzunezko materialetan euskara sustatzeko egitasmoari. Donostiako Zabaltegi-Perlak saileko eta atzera begirako saileko hainbat film euskaraz azpidatzi ziren lehendabizi, eta horien kopiak Betacam edo DVD formatuan areto ez komertzialetan ikusteko aukera eskaini zuten. Iaz, Beldurrezko Asteko zenbait film luzerekin ere prozesu bera errepikatu zuten. Horiek izan ziren programaren aurrekariak.
Jon Muñoz itzultzaile donostiarra dago jatorrizko bertsioak euskarara itzultzeko lan honen atzean. Bere lanaren fruitu dira katalogo honetan dauden azpidatziak.
‘Filmazpit’-en lana probesteko Donostia Kulturako zine unitateak katalogoa kudeatzeko ardura hartu du, eta herritarren eta programatzaileen eskura jarriko du. Donostiako Zinemaldia, Tabakalera eta Euskadiko Filmategia izango ditu bidelagun lan honetan. Tabakaleraren web atarian webgunea sortu dute Filmazpit.eu. Programaren tresna garrantzitsuena da erabiltzaileentzat.
Bi atal ditu ‘Filmazpit’-ek. Lehena, azpidatzita eta proiektatzeko prest dauden filmak dira. Donostiako jaialdietan ikusgai izan direnak. Denborarekin, eta eskubideak erosten dituzten heinean katalogoa hazten hasiko da. Bigarren atala azpidatzien datu basea eta zerrenda izango da. Edonork artxibo horiek deskargatu ahal izango ditu. Baina ez dira haien katalogoaren zati bat. Banatzaileari eskatu beharko dizkiote baimenak.