Udaberrirako prest eduki nahi du Vasco de Campingek egoitza berria
Vasco de Camping elkarteko presidente Txema Garaik onartu duenez, Groseko Iparragirre kalean duten lokala «txiki» geratu zaie. IRUTXULOKO HITZAk ekainean zehaztu zuen bezala, mendizaletasuna sustatzeaz arduratzen den elkartea Erdialdera mugituko da, Udalak Prim kaleko 35. atarian duen lokalera. Udal Gobernuak, bada, azaroaren 25ean egin zuen batzarrean adostu zuen lagapena. Ehun metroko lokala izatetik, bi solairutan banatutako 410 metro koadroko egoitza izatera igaroko dira.
Udal haurtzaindegia zena Vasco de Camping elkartearen txoko bihurtzeko, egokitzapen lanak egingo dituzte. Euren «gustura jartzeko» udaberrira arte itxaron beharko dela kalkulatu du Garaik. 120.000 euro bideratuko ditu elkarteak txukuntze lanetarako.
Trukean, Vasco de Camping elkarteak Grosen libre uzten duen ehun metro koadroko lokala erabili ahal izango du Udalak. Axier Jaka Ingurumen eta Partaidetza zinegotziak adierazi duenez, lokal premian diren hiriko irabazi asmorik gabeko beste erakunde batzuei utziko diete.
Elkartzeko lekua behar duten elkarteak makina bat direla aitortu du zinegotziak. Bertan egoitza izan dezaketen elkarteen izenik, ordea, ez du aurreratu.