Leitzako Arro baserriko 'Felixi' ausart eta alai ibili ohi da bisitarien artean. (Argazkia: Mikel Goñi)
Sekretu guztiak argitu ondoren, Leitzako Arro baserriko txerririk handienaren itxura zein den ezagutu ahal izan dute pertsona guztiek; kolore argia, belarri tenteak eta izaera alaia ditu Santo Tomas eguneko erreginak.
Donostiako jaiek eta jaialdiek boladatxo batez sekreturen bat edo beste gordetzea eskatzen dute. Horra, Zinemaldiko Urrezko maskorraren irabazlearen izena, San Sebastian eguneko Urrezko Danborrarekin omenduaren nortasuna… eta baita Santo Tomas egunaren erreginaren itxura eta izena ere. Konstituzio plazan eguna emango duen txerria izendatzeko modua
Felixi izango dela jakitera eman zuten joan den astean. Idazki hau laguntzen duten argazkiak, ordea, kargurako hautatu zutenetik izaki ospetsuari ateratako lehenak dira. Leitzako Arro baserrian izan da
Irutxuloko Hitza abenduaren 21eko festaren protagonista nagusiaren berri bere irakurleei emateko.
Felixi-ren eta, noski, Kristina Saralegi zaindariaren lasaitasunaren hobe beharrez, komunikabideekin hitzordu bateratua egin dute gaur eguerdian. «Asko deitzen diguzue, kazetariei asko interesatzen zaizkizue Santo Tomaseko txerriaren nondik norakoak», azaldu die baserritarrak, urduri, hedabideetako ordezkariei.
Hori dela-eta, urtero, abendu aldean, txerriaz galdezka deitzen dutenei ezer ez esateko eskatu ohi dio Donostiako Udalak Saralegiri. «Denei batera emateko-edo» dela uste du leitzarrak. Izarren moduko agerpena egiteko etxe azpiko ukuilura sartu dute Felixi; eta bertan eman du hitzordura arteko denbora, kazetari, kameralari eta argazkilarien zain.
Ukuiluan egoteko ohitura gutxi dauka
Felixi-k, berarentzako belardi eta etxola baditu-eta. Bera bakarrik ibiltzen dela soroan azaldu du Saralegik. «Baina, gaur hamarrak aldera ukuilura ekarri dut, zuei itxaroteko. Beraz, lokatzak markatutako galtzerdi marroiak izango ditu», gauean euria bota egin du-eta.
Dieta ‘light’ edo arina
Ukuilua kamerino gisa baliatuta, garbi xamar azaldu da Santo Tomas eguneko izarra, Arro baserriko barrunbeetatik irtenda. Burua atera, eta kikildu gabe egin ditu bere lehen urratsak, bertaratutakoen harridura eta irribarreen artean. Izan ere, tamaina handiko txerrama ari baitzen irteten atetik; belarriak, tente-tente.
Aldez aurretik azaldutakoaren arabera, Felixi-k 350 kiloko marka urratzen du egunotan, eta oso litekeena da abenduaren 21ean 360ra iristea. Marka hori lortzeko urdeak izan duen dietaz galdetuta, Saralegik «
light»–arina– erantzun du. Txantxaren ondoren, baserritarrak azaldu zuen
Felixi-k hamabi bat kilo pentsu-garbi jaten dituela egunero. Eta horrez gain, pisatu gabeko «sagarrak, aza, artoa, garagarra» eta beste hainbat gutizi. Horiek guztiak behar beharrezkoak direla, atari zabaleko bizimodua egin arren pisua hartzeko.
Txerrama izena ere ondo baino hobeto egokitzen zaio kolore argiko
Felixi-ri, uda partean izan zelako bost kumeren ama.
Bixkor zakur txiki eta iletsuak egin dio harrera urde emeari ukuiluren kanpoko aldean, Saralegik urdearen nondik norakoak prentsari kontatzen zizkion artean. Besteak beste,
Felixi kate bateko hamargarren kate-maila dela azaldu die kazetariei. Aspaldian bere aitak eramaten zuen Leitzatik Donostiara abenduaren 21ean Konstituzio plazan zozkatu ohi zen animalia, baina, urte batzuk igarota, ohitura eten zen. Duela hamarkada bat, ordea, Saralegik lekukoa hartu eta ordutik, urtero-urtero, Leitzako Arro baserrian hazi dute Konstituzio plazako bisitaririk handiena.
Txerria, ordea, ez da Donostia urtero bisitatzen duen Arroko animalia bakarra; «Olentzero eta bestelako kabalkadetarako ere eramaten ditugu». Horien artean daude, esaterako,
Felixi-ren belardiaren parean dauden astoak eta antzarrak.
Argazkietara ohitzeko ariketa
Bixkor-ek lagunduta,
Felixi-k beheko sororainoko bidea egin du kazetarien begiradapean, ohituta balego bezala. Langa pasata, eta belarraren gainean, maldan behera jo du goizean egindako gosaria osatuko lukeen zerbaiten bila; inguruan, jolasti, zakur iletsua ibili zaiola.
Argazkilariak ere, zakurraren moduan, Felixi-ren inguruetan bueltaka jardun dute. Aurpegi ederraren bi aldeetako zeinek ematen zuen itxura hobea erabaki ezinik aritu dira erretratugileak. Kurrin batzuk entzun zitezkeen arren, batere beldurrik ez zuten ematen, eta argazkilariek ontzat jo dituzte Saralegiren hitzak; «oso alaia da».
Hori jakiterik ote zegoen galdetuta, baserritarrak honakoa erantzun zuen: «Alde handia dago batzuen eta besteen artean; iazkoa, esaterako, motel-motela zen». Hori baieztatu dezakete iazko santotomasetan txerria lo zegoen galdetzen zuten haurrek.
Joan eta etorriko bidaia
Eguerdiko
flash-ak, argazki kameren soinuak eta kazetarien jakin mina txiki geldituko dira abenduaren 21ean
Felixi-k ezagutuko dituenekin alderatzen dituenean. Hala eta guztiz ere, zaindariak ez zuen kezkatuta ematen. «Txerriek ez dute egun horretan gaizki pasatzen, lasai-lasai ematen dute eguna, etzanak eta jaten». Gainera, inguruan jendetza izan arren, bi hesik «babestuta» egon ohi dira.
Saralegik «goizeko lauetan» hasiko du abenduaren 21a, eta
Felixi-k ordubete geroago. Urdea 05:00etan atoian sartuko dutela iragarri du leitzarrak, eta, ordubete inguruko txangoaren ondoren, Donostiara iritsiko dira. Luze baino lehen txerramak Konstituzio plazan eguna emateko gunera iritsiko da.
Felixi bere txokoan utzi ondoren, Saralegik bere beste egitekoei ekingo die. Leitzako baserritarrak, txerriari begirik kendu gabe, taloa salduko duten bi postu antolatu beharko baititu. Iragarritakoaren arabera, «Konstituzio plazan bertan eta Bretxan jarriko ditugu».
Baserritarrak taloak eta txerrikiak saltzen dituen bitartean, txerriak txalo eta baserritarrez jantzitakoen artean emango du eguna; haurren eta helduen gozagarri. Santo Tomas eguneko azoka bukatu eta postuak ixten dituztenean Leitzarako bidea hartuko du Felixi-k; izan ere, aitzinean gertatzen zen ez bezala, Santo Tomaseko izarra bere ukuilura itzultzen da, zozketatua izan gabe eta Konstituzio plaza bere glamour-az argitu ondoren. Hori dela-eta, gordetzen dute sekretupean, urtero-urtero, honen inguruko guztia, zerrien xarma ere hazten delako misterioak lagunduta.
-
-
-
-
-
-
-
-
Leitzako Arro baserriko ‘Felixi’ ausart eta alai ibili ohi da bisitarien artean. (Argazkia: Mikel Goñi)
-
-
Zuhaitz eta belar artean ibili ohi da ‘Felixi’ Santo Tomas azokako erregina. (Argazkia: Mikel Goñi)