Martuteneko haurrek eta helduek kirola egingo dute asteburu berezian
Realeko beteranoen aurkako futbol partida jokatuko dute uholdeengatik kaltetutakoen alde
Kirola izango da asteburuko protagonista nagusia Martutenen. Batetik, Pilarko jaietan haurrentzat antolatutako pilota txapelketak izandako arrakasta ikusita, Gabonetarako beste bat egitea erabaki du Sarroeta Auzo Elkarteak. Bestetik, futbol partida ere antolatu dute (igandean, 12:00etan). Gainera, aurrez aurre arituko diren taldeak ez dira nolanahikoak izango, Martutene Futbol Elkarteko eta Realeko beteranoak, nor baino nor.
Martuteneko Gabonetako I. Eskupilota Txapelketa izango da larunbatean jokatuko dutena (15:30). «Jaietako txapelketak izan zuen arrakasta ikusita, gabonetan ere antzeko zerbait antolatzea erabaki dugu», esan dio auzo elkarteko Joaquin Sotillak Irutxuloko Hitzari. Zehazki, bi mailatan banatuko dute lehia: Benjamin eta Alebin. Beraz, 8 eta 11 urte bitarteko aurrei zuzenduta egongo da, baina Martutenekoak direnentzat bakarrik. «Haurrek auzoan pilotan jokatzen dute, baina ez dute leku egokirik. Zailtasunak dituzte eta horretan lagundu nahi diegu. Auzoko haurrek maila baxua dutenez, Gabonetako txapelketa beraientzat bakarrik antolatu dugu. Jaietakoa zabalagoa izango da». Finean, txapelketa «etxeko giroan» egin nahi dutela dio Sotillak, haurren artean zaletasuna handitzeko asmoz.
Larunbatean eguraldi ona egiten badu, kanpoaldeko frontoi txikietan arituko dira pilotan, eta euria egiten badu, berriz, Arantzazuko Ama ikastolako frontoian jokatuko dute. Momentuz, 20 haur inguruk eman dute izena, baina oraindik ere parte hartzeko epea zabalik dago. Horretarako, martuteneauzoa.com blogean sartu beharra dago, edo bizilagunen lokalera joan behar da.
Norgehiagoka solidarioa
Kirolarekin jarraituz, baina beste helburu batekin, futbol partida ere antolatu dute iganderako. Martuteneko beteranoek ez dute erraz izango irabaztea, beterano txuri-urdinak izango baitituzte aurrez aurre. Klubaren zelaian jokatuko dute partida eta ikusleak biltzea espero dute. Izan ere, helburu solidarioa izango du lehiak, aurreko hilabeteko uholdeek kaltetutako auzotarrentzako dirua biltzea. Hala, partidarako sarrera doakoa izango den arren, dirua biltzeko kutxak jarriko dituzte. Bide batez, sagardoa eta pintxoak ere salgai jarriko dituzte, helburu berarekin. Gainera, auzoa girotzeko asmoz, partida hasiko den ordu berean, kantujira ibiliko da kalean.
Sotillak gogorarazi du, auzotarrak aparejadoreekin lanean ari direla, etxeen zimenduak konpontzeko dituzten arazoei aurre egiteko. «Aseguru etxeek ez dute guztia ordaintzen, eta Pilarreko bizilagunei laguntzeko egingo dugu diru bilketa».
Aspertzeko betarik behintzat ez da izango Martutenen asteburuan, bai haur, gazte eta helduentzat. Gainera, helburu solidario baten alde.