100 kilometro, behartsuen alde
Etiopiarrei laguntzeko, Intermon Oxfamen ekimenean parte hartu nahi du Bera Beratik sortutako K2K! taldeak
Bera Bera klubak ekimen berezi baten berri eman du bere webgunearen bidea. Elkarteko zenbait lagun eta bazkide K2K! (Kon 2 kojones!) kirol taldeko kide dira; iazko abuztuan erronka bati aurre egiteko sortu zenetik. Lagun gutxirekin jaiotako taldea handituz joan da, eta erronka bat baino gehiagori aurre egiteko gai izan dira bertako kideak.
Taldearen azken erronka gainditzeko, ordea, laguntza behar dute. Maiatzaren 5ean eta 6ean Intermon Oxfam Trailwalke proba burutu nahi dute: 100 kilometro, 32 ordu, lau pertsona, helburu bat. Probaren webgunearen arabera, pobretasunaren aurka munduan dagoen taldekako kirol erronka handiena da Trailwalker. Finean, lau kidez osatutako taldeek 100 kilometroko ibilbidea osatzea da helburua, beste bi kidek autoz lagunduko dituztelarik. Horretarako, gehienez 32 ordu izango dituzte, eta taldekide guztiek elkarrekin hasi eta bukatu beharko dute, ibilbide guztia elkarrekin eginez. Helburua bakarra izango da, txirotasunaren aurka borrokatzea. Hala, taldeek Intermon Oxfan gobernuz kanpoko erakundearentzat dirua batu beharko dute. Zehazki, Gironan izango da ekimena (Herrialde Katalanak), eta Olotetik Sant Feliu de Guixolserako bidea egingo dute partaideek. Izan ere, sinestezina dirudien arren, gaur egun Etiopiako zenbait emakumek eta haurrek egunero bost orduko bidea egin behar izaten dute, gertuen daukaten ur putzura iristeko.
Hala ere, Bera Berako taldearen parte hartzeko gogo hutsarekin, ez da nahikoa izango helburua betetzeko. Bi taldek joan nahi dute Donostiatik, baina Trailwalkean parte hartzeko 1500 euro behar dituzte. Horregatik, guztion laguntza eskatu du Kon dos Kojones! taldeak.
Gipuzkoarren laguntza
Helburua lortzeko, hainbat ekitaldi antolatuko dituzte, Gipuzkoarrei eta kirolari ezagun zein erakundeei laguntza eskatuko diete… Bide batez, Bera Berako kideek gogorarazi nahi izan dute, Interneten topa daitekeela probaren eta helburuaren inguruko informazio ugari, Intermon Oxfamen webgunean bertan: trailwalker.intermonoxfam.org. Bestetik, Bera Berakoekin harremanetan jarri nahi duenak, posta elektroniko honetara idatz dezake: club@berabera.com.