Gutuna: Gorka Etxeberriari
Marisol Garmendia, Donostiako PSE-EEko zinegotzia
Pozten nau zu –Gorka Etxeberria bertsolaria– eta ni, hainbat gauzatan bat gatozela ikusteak. Errespetu osoa diet bai Donostiako alkateari –edozein izanda ere– egun Izagirre jaunari, bai bere alde bozka eman duten donostiarrei ere. Ez ezazu hori inoiz zalantzan jarri, mesedez, demokraziaren funtsa baita hauteskunde demokratikoen emaitza onartzea eta erakunde demokratikoak nahiz ordezkari instituzionalak errespetatzea; gobernua gutarra zein zutarra izan, gutxiengo egoeran edo gehiengo absolutuan egon. Donostiako alkatea nire alkatea ere bada, donostiar guztion ordezkari gorena den heinean. Izugarri gustatuko litzaidake benetan hala izatea, eta Izagirre jaunak berak bere burua guztion ordezkari bezala hartzea. Bere jarrera eta jokabidea ez baitira halakoak. Donostiarrok ez dugu gure alkatea hiriko terrorismoaren biktimen ondoan ikusi oraindik –egon, badaudela eta hamaika baino gehiago direla ez didazu ukatuko–; ondoan, gertu eta goxo, bai, aldiz, ikusi dugu ETAko presoekin eta euren senideekin. Behar bada zuretzat hildakoak zein hiltzaileak biak dira biktimak. Astakeri horri eutsita ere, tratamendu bera eman beharko lieke biei alkateak, ezta? Onartezina da jarrera hori, ordea. Guztion lehendakaria den Patxi Lopezek –zurea ere bada, Izagirre donostiar guztion alkatea den bezalaxe– argi eta garbi esan du bonba jarriz hiltzen den ETAkidea edo ekintza terrorista burutzeagatik kartzelan dagoena ezin direla biktimatzat hartu, inondik inora. GAL, tortura edo estatu indarkeria jasan dutenak badira, berriz, biktimak. Dudarik gabe. Horrelakoak esatea ez dut uste biktimak erabiltzea denik. Erabiltzaileei eta manipulatzaileei dagokienez, ETAkoak ditugu trebeenak bere presoekiko manu militari inposatuz, nola ez, preso bakoitzari zer pentsatu eta zer egin, hobe esanda, zer ez pentsatu eta zer ez egin. Badaezpada… Zuk eta biok biktimekiko oinarrizko printzipio etiko horrekin bat egitea ezinbestekotzat jotzen dut bake bide berria elkarrekin egiteko, gaurkoari eta biharkoari ezberdinen artean ekiteko, elkarbizitza guztion artean pausoz pauso sendotzeko. Beti ere iragana ahaztu gabe, memoria –guztiona, bai–, galdu gabe eta iraganeko indarkeria zentzugabea eta sufrimendua gure herrira inoiz itzul ez dadin lan egiteko. Horrela balitz, jakin ezazu elkarrekin egingo dugula bidea… eta nahi dituzun manifestazioak.