"Ideiak sortzen zaizkidan heinean idatzi egiten ditut, azkar-azkar"
Ramon Zuriarrain: Margolaria
Azken urteetan sortutako marrazkiak eta margolanak bildu, eta umorez betetako ‘Bromas aparte’ liburua argitaratu berri du Ramon Zuriarrain margolari donostiarrak
Argitalpena: ‘Bromas aparte’
Gaztea zenetik du gustukoa marraztea Ramon Zuriarrainek (Erdialdea, 1948). Oraingoan, egunerokotasunetik atera nahi izan du, eta denbora-pasa moduan egiten dituen marrazkiak batzea erabaki du. Marx anaien zein berak sortutako esaldiekin tartekatu ditu bere marrazkiak. Argitalpenaren 600 ale jarri ditu salgai hirian, trukean irribarreak jasotzeko helburuarekin.
Zer da ‘Bromas aparte’?
Edozein momentutan eta edozein tokitan egindako nire marrazkien bilduma bat da. Edozein euskarritan egindakoak dira, gainera. Telefonoz hitz egiten ari naizela ideia bat etortzen bazait, marraztu egiten dut. Ideia barregarriak sortzen bazaizkit, marraztu egiten ditut eta ez ditut berriro ukitzen zuzentzeko, halaxe geratzen dira. Hori bai, liburuko lan gutxi batzuk akuarelak dira, eta horiek gehiago landutakoak dira, berehalakotasunarekin zerikusirik ez dutenak. Hitz joko asko ere erabili ditut.
Marrazkiak liburu batean biltzeko asmoa zenuen?
Ez, baina asko nituela ikusita… Hainbat paper mota eta formatutan egindakoak dira, eta guztia biltzeko gogoa sartu zitzaidan. Gainera, gaurkotasunik gabeko gaiak lantzen ditudanez, ez zuen axola orain edo hemendik bi urtera egiteak.
Eta zergatik jarri diozu izen hori liburuari?
Nire lagun bati bururatu zitzaion, eta polita iruditu zitzaidan. Bromas aparte, txantxak biltzen dituelako, baina aldi berean baditu bestelako kontuak ere. Badaude pentsarazteko balio dezaketen marrazkiak. Marrazkiek barrea sortu dezakete edota pentsatzeko bidea ireki dezakete.
Bereziki umoretik jo duzu. Bai, baina denetariko gaiak aipatzen ditut. Badaude, adibidez, Egiptoko bizimoduaz hitz egiten dutenak. Nire semea Kairon lanean ari zen, eta bisitan joan nintzenez, bertan ikusitakoa marraztu nuen. Akuarelan landutakoak dira eta hango auto zirkulazio izugarria marraztu dut, esaterako.
Baduzu bereziki gogoko duzun marrazkirik?
Ba egia esan ez, baina ‘Sabino Araña’ edo ‘Recuerdo de Bilbao’ barregarriak iruditzen zaizkit.
Liburua zuk zeuk argitaratutakoa da, zergatik hartu zenuen erabaki hori?
Nire laguna den argitaratzaile bati galdetu nion ea nire marrazkiak biltzeko aukerarik ikusten zuen, eta ‘hori ez dizu inork ere argitaratuko’ erantzun zidan.
Zer lortu nahi duzu liburuarekin?
Gauza berri bat egiteko aukera eman dit. Betidanik margotzen dut, eta nire lana diberfitsikatzeko modu bat da. Inbertsio txiki bat egin dut eta ea gutxienez jarritako dirua berreskuratzen dudan. Eta irabazten ateratzen banaiz, oraindik hobeto. Jendeak barre egitea da nire nahia, besterik ez.
Aste batzuk igaro dira liburua aurkeztu zenuenetik, zer nolako harrera izaten ari da?
Badirudi jendeak liburua gustuko duela eta barre egiten duela. Gauza askok talka egiten dute, liburuaren azaletik bertatik hasita; haur handi bat amona txikiari eskutik helduta ageri da. Badakit hobetu daitezkeen kontuak daudela, akuareletako koloreak esaterako.
Zure lehen liburua da, baina erakusketaren batean erakutsi izan dituzu zure lanak.
Bai, duela bi urte eta erdi Arteko galerian egin nuen erakusketan, hauetako marrazki batzuk jarri nituen.
Aspalditik marrazten duzu?
Bai, betidanik, 18 urterekin edo hasi nintzen. Baina umoretik duela gutxi hasi naiz jotzen. Ideiak sortzen zaizkidan heinean idatzi egiten ditut, azkar-azkar. Berriro ere asko biltzen baditut, agian beste libururen bat argitaratuko det.
Baduzu beste proiekturik buruan edo?
Ez, orain nirearekin jarraitzen dut, margotzen. Igaran daukat estudioa eta han ibiltzen naiz egunero.
- Liburua. Umorez betetako marrazkiak eta akuarelak.
- Egilea. Ramon Zuriarrain.
- Argitaletxea. RaMONET.
- Orrialde kopurua. 120.
- Salmenta guneak. Parte Zaharreko Ekain eta Groseko Arteko arte galeriak.
- Prezioa. 30 euro.