'Maldan gora'
Jon Odriozola, Kazetaria
Urtarrileko aldapa. Momentuz txuri-urdinek ez dute askorik antzeman. Hobe. Urtea txukun hasi dute. Mallorcaren aurka, Kopan, oso duin jokatuta ederki hartu zuten mendean Caparrosen taldea (2-0). Eta iragan larunbatean bi puntuk Anoetatik ihes egin arren, taldeak sendotasuna erakutsi zuen. Azken jardunaldietako ispilu. Halere punteriarik gabe dabil arerioaren ate aurrean. Gol oso gutxi sareratzen ditu, eta horrek saria dezente urritzen du. Realak ez du merkealdietan atzaparra sartu, eta ondorioz ez du pagotxa are oparoagorik eskuratzerik lortu.
Halere, taldeak ez du itxura txarrik. Urteko lehen bi demetan irudi sendoa erakutsi du. Jokoz, ondo jantzia. Une batzuetan futbol ona eginaz. Horren isla, nafarren partidaren amaieran, nahiz eta puntu bakar bat patrikaratu, zaleek taldeari eskaini zioten txalo zaparrada. Ez da gutxi.
Kopan, gaur, Realak aurrera eginez gero, txuri-urdinek partida dezente izango dituzte urtarrilean eta otsailean. Adibidez, otsailaren 8an jakingo dugu zein bi taldek jokatuko duten Kopako finala. Datak ate joka datoz baina Montanier ez da beldur. «Aurten Txapeldunen Liga jokatu behar ez dugunez, nahikoa jokalari ditut erronkei aurre egiteko», adierazi zuen irribarretsu larunbateko partidaren ondoren. Denen premia beharko du, zezen handiak izango baititu aurrez aurre taldeak etxetik kanpo: Valentzia, Bartzelona eta Granada. Eta etxean zer esanik ez: Atletico Madril, Sporting, Sevilla eta Mallorca. Bi hilabete bero-bero Kopan ahalik eta urrutien iristeko, eta Ligan behera so egin beharrean, gorantz begiratzeko.
Duela bi hilabete danbor hots ezkorrak entzuten ziren. Orain hiriaren egun handira hurbiltzen ari garenean, eta nahiz eta oraindik ere zulo beltza gertu izan, bestelako doinu gozoagoak sumatzen dira. Ez entseatzeari utzi, desafinatuz gero…
Bi zortzimilako izango ditu taldeak aurrez aurre. Bi hilabete gogor. Tontorren bila sherpen (zaleen) babesik ez zaio faltako. Eztulka hasten bagara gripeak jota, auskalo nola egingo diogun aurre martxoari. Eta apirilari. Eta… Beraz, bufanda eta txano txuri-urdinak jantzi eta maldan gora! Gustuko bidean, aldaparik ez.