San Sebastian ate joka
Urteko sasoiari dagokionez, danborrak, upelak, Napoleonen soldaduen uniformeak eta sukaldari jantziak hiriko erakusleihoetan ugaltzen hasi dira.
Azken turroi hondarraren zaporea oraindik ere aho sabaian dagoenean, San Sebastian eguna gogora ekartzen duen apaintzeari ari zaie tokia uzten Eguberrietako argiak. Hiria urtarrileko egun handirako aspaldian ari da prestatzen, hemendik aurrera, ordea, agerikoagoa izango da.
Errege eguna igarota, jostailu dendetako erakusleihoetan danbor piramideak azaltzen hasten dira, apaintze gisa ez ezik, eskoletan hasiak diren entseguetan haurrek zer erabili izan dezaten. Gipuzkoa plazan dagoen txinatar jabearen dendan ere jarri dituzte. Dendariak, ordea, ñabardura egin du. «Orain behar duguna da helduek ere erostea».
Ez du saltzaileak zorte handirik izango, eta salmentarik handiena hilaren 19ko arratsaldean egingo du; baina, ez helduen entseguetarako. Hauetako gehienak, dagoeneko, hasi direlako prestatzen egunean bertan erabiliko dituzten upelekin eta danborrekin.
Gehienek ere, danbor jole uniformeak eta sukaldari jantziak prest izango dituzte hamar egun barruko jairako. Hala ere, jostunen tailerretan lanez lepo ari dira egunotan, uniformeen jabeak aldatu, eta danborrarien pisuan gora beherak izan direlako.
Groseko Kale Berrian dagoen laneko arropa dendan mugimendu asko izaten dute egunotan. Marisa Clementek erakusleihoa hustu berria zegoen atzo eguerdian. «Bihar–gaur– jarriko ditut maniki guztiak sukaldariz jantzita». Izan ere, hilaren 20an Donostiako kaleetan ikusten diren sukaldari jantzietako gehienak, egungo ostalaritzan erabiltzen direnak dira. «Benetakoak dira, eta elkarte askok gugana jotzen dute jantziak erostera».
Dena den, «elkarte guztietako jantziak ez dira berdinak, eta horrexegatik, zerrendak izaten ditugu», azaldu du Clementek, salmahaiaren gainean zuen karpeta erakutsiz. Danborradak uda partean hasten dira aurrekontuak eskatzen. «Zintzoenek gutxi gora behera urrian egiten dute eskaera». Baina, jai kontu gehienetan bezala, azken orduan dabiltzanak ere ugari izan ohi dira.
Burrunba hotsak hasi dira egunotan, eta baita erakusleihoetako apaintzeak, angulen prezioaren inguruko igogailu-hitzaldiak ere berehala izango dira entzungai. Horiek guztiak, San Seba