'Joeee'
Unai Elizasu, gai jartzailea
Jaso dut IRUTXULOKO HITZAko langilearen mezua. “Datorren astearterako zutabea idazterik bai?”. Eta, ia beti bezala: “Bai!”. Orduantxe hasten naiz, zertaz idatzi behar dudan pentsatzen. Zutabetik zutabera, hilabete pasatzen da, gutxi gora-behera; eta denbora horretan, izaten dira detaileak, zutabe baterako aski ematen dezaketenak. Koadernotxoa eta idazteko zer edo zer eramatekoak gara, baina ez naiz sekula zutaberako xehetasun horiek idazten jarri. Eta idatzi izan baditut, plazarako, gaietarako izaten dira. Agendan, zutabea idazteko eguna eta ordua apuntatu ohi dut. Sarritan, bezpera izaten da, baina gorde behar izaten dut tartea; bestela… presaz idazten dugu eta presa, ez da lagun ona honetarako, ere. Eta jarri naiz pentsatzen zer pasatu den, zer pasatu zaidan azken egunotan. Donostiarrak traineruko entrenamenduen sentsazioak idaztea pentsatu izan dut. Badaramagu denboratxo bat entrenatzen; eta uretan ere, hasiak gara jotakean… eta sentsazioak, onak dira. Baina pentsatzen jarrita, Urkiko zortzikoko entrenamendu, giro eta sentsazioekin oroitu naiz… Arraunaren inguruan idazteko baina, denbora izango dut; eta beste baterako uztea onena. Ohartu naiz baina, zutabe honen goiburuan, “Unai Elizasu. gai jartzailea” jartzen duela; beraz, plazaz, saioez eta bertsolaritzaz idaztea dagokidala pentsatzen dut… baina… Oiartzungo bertso jaialdia bukatu berritan hasi naiz idazten zutabe hau. Etxeratek antolatzen duen urteroko saioa da. Aurtengoan baina, Bilboko manifestazioaren biharamuna sumatzen zen airean. Urduri neraman denboratxoa. Aste berean, bi saio oso, oso berezi nituen. Batetik, Oiartzungo saioa; eta bestetik, aurreko osteguneko Dokako Bertsolaria bere bakardadean Aitor Sarriegi lagun txapeldunarekin. Gogorra, zorrotza eta pertsonala da Dokako Bertsolaria bere bakardadean. Jendea hain dago gertu. Jendea, gu ikustera etortzen da, eta horrek, sortzen du barruan halako… halako… defini ezina den zerbait. Ikusten duzu irakurle, arraunaz idazten hasi eta Dokako saioarekin bukatu dudala. Zein fundamentu gutxi dudan esango duzue akaso… Eta bai, baina… Kontxako estropadetako parrandan ikusi nituen begi haiek, Dokako saioko bigarren ilaran ikusi nituen, eta begirada horri buruz idatzi nahi nuen… baina ez nekien nola hasi… Ui! karaktere kopurua pasatzen ari naiz eta bertan bukatu behar dut gaurkoa. Unerik interesanteenean e! Urte berri on IRUTXULOKO HITZAko irakurle; eta laster arte irakurle, begi eta begirada hori!