Gutuna: Eskerrik asko, Txillardegi
Dani Goñi, Bagerako lehendakaria
Eskerrik asko, Bageraren izenean eta baita neurean ere. Alor askotan izan zara aitzindari eta bidegile. Aurreko egunetan jende ugarik aipatu eta goratu izan ditu euskal komunikabideetan, beraz, ez naiz dagoeneko adierazitakoak errepikatzen hasiko. Baina guri dagokigunez, ondo gogoan dut Bageraren sortze prozesuan bidelagun izan zintugula; ez zu bakarrik, baita zure inguru hurbilena ere: Jone, emaztea, batzorde eragilean aritu zen lanean, eta Joseba semea ere gogoan daukat batzar eratzailean parte hartzen. Gerora ere, bazkidea izateaz gain, beti izan zaitugu prest laguntzeko, dela hitzaldiren bat emateko edo aholku-emaile eta kritikari zorrotz aritzeko. Mila esker, beraz, horren guztiagatik. Guk ongi ikasi dizugu euskara bizitzeko dela, eta horretan ahaleginean jarraituko dugula zin egiten dizugu. Niri dagokidanez, Zorroagan zure ikaslea izateko zortea eta ohorea izan nuen. Soziolinguistika irakasten zenigun. Irakasle konprometitua eta zorrotza, inoiz huts egiten ez zuena. Gogoan dut gurekin haserretzen zinela bibliografia ingelesez eta frantsesez ematen zenigulako kexatzen ginenean; nola zen posible gu, ikasle gazteak artean, ez moldatzea ingelesez edo frantsesez irakurtzeko? A ze alfer koadrila! Ikastola eta eskoletako irakasleak ginen pedagogia ikasten. Euskal Curriculumaz ez zen hitz egiten garai hartan, baina oroitzen dut nola galdetzen zenigun, “ea, ze ibai ezagutzen duzue agertu eta desagertu egiten dena?”, eta guk “Guadian”. Besterik ez balego bezala munduan. “Espainian ez, Euskal Herrian”. Eta zuk, bat ez, biren izena ematen zenigun. Zenbat genuen ikasteko! Eskerrik asko horren guztiagatik ere. Sansebastianak ate joka ditugu, eta denentzat alaiak izango ez badira ere, aurrera egin beharra dago, eta danborra joz abestuko dugu… Bagera…! …….. Gaurtandik gerora penak zokora, Festara!, Lanera! Donostiarrei oihu egitera gatoz, Pozaldiz! “Euskal” Herria dator.