Manuel de la Hoz mendizale donostiarra hil da Pirinioetan
Manuel de la Hoz mendizale donostiarra hil zen igandean Pirinioetan, eta berarekin zihoan beste lagun bat larri zauritu zen, Crabere menditik jaisten ari zirela erorikoa izan ondoren. Bi mendizaleek Crabere mendiko izotzezko horma bat eskalatu zuten igandean eta, antza denez, rapelatzen ari zirela euskarrietako bat puskatu egin zen, eta biak amildu egin ziren.
Istripuan 42 urteko Manuel de la Hoz donostiarra hil zen, eta Raul Osa larri zauritu zen. Zaurituak konortea berreskuratu zuenean, gaueko 23:00ak aldera, larrialdi zerbitzuei abisua eman zien, eta erreskate lanak hasi ziren. Erreskate taldeek konorterik gabe aurkitu zuten Osa, eta Foix-eko ospitalera eraman zuten. Zaurien larritasuna ikusita, handik Toulouseko Rangueil erietxera eraman zuten.
Manuel de la Hoz, berriz, hilik aurkitu zuten. Oso ezaguna zen Donostiako mendizaleen artean; Belagua eta Belharra saltokietan lan egin baitzuen. Parte Zaharrean, Etxague Jenerala kaleko Drum disko denda eta galeria izan zuen.