Manuel de la Hoz mendizale donostiarra hil da Pirinioetan, izotzetan erorita
Lagun batekin batera izan zuen istripua, eskalatzeko erabili zuten euskarrietako
bat puskatzean
Manuel de la Hoz mendizalearen heriotzaren albistea astelehen arratsaldean zabaldu zen. Frantziako Pirinioetan zebilela hil zen 42 urteko donostiarra, igandean. Aldi berean, berarekin zihoan beste lagun bat larri zauritu zen. Crabere menditik jaisten ari zirela erorikoa izan ondoren gertatu zen guztia.
Zabaldutako informazioaren arabera, bi mendizaleek Crabere mendiko izotz horma bat eskalatu zuten igandean. Antza denez, jaisten ari zirela, euskarrietako bat puskatu egin zitzaien, eta biak amildu egin ziren. Istripuan de la Hoz donostiarra hil zen, eta Raul Osa larri zauritu zen. Zauritutako lagunak konortea berreskuratu zuenean, gaueko 23:00ak aldera, larrialdi zerbitzuei abisua eman zien, eta horrela erreskate lanak hasi ziren. Erreskate taldeek konorterik gabe topatu zuten Osa, eta Foix-eko ospitalera eraman zuten ahalik eta azkarren. Zaurien larritasuna ikusita, handik Toulouseko Rangueil erietxera eramatea erabaki zuten. De la Hoz, berriz, hilik aurkitu zuten. Aipatzekoa da, Donostiako mendizalearen lagun eta lankide izandako Gaizka Razkin, duela hamalau urte hil zela Paineko Dorreetan, Txilen, Antxon Alonsorekin batera.
Ezaguna
De la Hoz oso ezaguna zen Donostiako mendizaleen artean; Belagua eta Belharra saltokietan lan egin baitzuen. Bestetik, Parte Zaharrean, Etxague Jenerala kaleko Drum disko denda eta galeria izan zuen.