Gaurko egunez, danborrada ez den beste ezer gutxi aurki daiteke hirian. (Argazkia: Mikel Goñi).
San Sebastian egunaren jaiak hiria erabat hartzen du; aisiarako baliabide gutxi gelditzen dira jaian murgildu nahi ez dutenentzat.
Lerro hauetan burrunba eta danbor hotsei ihes egiteko proposamena egiteko asmoa zuen Irutxuloko Hitzak. Baina testu hau osatu duen kazetariak bertatik bertara ikusi ahal izan du, urtarrilaren 20an, festa girotik aldentzeko aukera gutxi dagoela Gipuzkoako hiriburuan.
Bart afaldu ondoren ohera joan zirenek ez dute eguna kirola egiten hasteko aukera handirik izan. Orriaren goiko aldean azaltzen den eguraldi iragarpenari kasu eginda, kiroldegira joatea erabakitzen duenak ateak itxita aurkituko ditu. Kirol Patronatuko langileek jakinarazi dutenez, jai egun gehienetan irekita egoten dira kiroldegiak, «baina San Sebastian egunean itxi egiten dugu, egun berezia baita». Loiolako Erriberako bezalako azpiegitura pribatuek, ordea, gorputzari astindua emateko aukera erraz dezakete, eta baita atari zabalean ere.
Turistarena egitea ere zail samarra izango da. Txu-Txu trena erabiltzea ezinezkoa izango da, bere arduradunak atzo azaldu zuen moduan, «kontua ez da danborradaren eguna izatea, baizik eta martxoaren lehena arte itxita egotea».
Eureka Museoaren atarian dagoen Albert Einsteinen estatuak ere bakar bakarrik igaroko du eguna, Zientziaren Kutxagunea bezala ezaguna zenak ateak itxi baititu gaurko partez, eta iragarritako euriak ez duelako inguru eder hura gozatzen utziko.
Kultura handitzeko asmotan jaikitzen denak ere ez du askoz zorte handiagoa izango. Museoen telefono zerrenda hartuta, ñabardurak ñabardura, komunean ezetza zuten erantzunak jaso zituen kazetariak. San Telmo Museoko langileek asteburuan gerturatzeko iradokitzen duten bitartean, Ontzi Museokoek pozez beteriko «bihar–gaur– itxiko dugu!» bota zuten. Aquariuma bisitatzea ere ezinezkoa izango da gaur. «Irekiko ez dugun bigarren urtea izango da, lan hitzarmenean San Sebastian eguna izatea lortu genuen».
Badira kultura alorrean bi salbuespen. Hain zuzen ere, Kubo Kutxa eta Kutxa Boulevard aretoek betiko martxari eutsiko baitiote, eta ez Sarriegik idatzi zuenari. Bertako langileen esanetan, «bai, bai, irekita egongo da. Egun normala izango baita guretzat, goiz eta arratsaldez». Javier Mariscal artista plastikoaren
Bizi poza! ikus daiteke Zurriola pasealekuko aretoan. Bulebarrekoan, berriz, atzo inauguratu zuten
Naturaren argazkilariak bilduma.
Askoz aukera gehiago ez zaizkio geldituko kultura bila dabilenari, zinema dela salbuespen gutxietakoa. Giro petralaren aurrean Antiguo Berri aretoetara gerturatu daiteke San Sebastian doinuen iheslaria. Izan ere, bere arduradunek iragarritakoaren arabera, proiekzio sistema digitalen ezartzea amaituta izango baita dagoeneko. Pena da, ordea, Irutxuloko Hitzak ezin filmik aholkatzea, aste honetan euskarazkorik ez baitago ikusgai.
Bada, beraz ,aukera bakarra: hartu zamarra eta irten kalera: garaitu ezin badituzu, danborrekin elkartu!