"Parte Zaharra parke tematiko-gastronomiko bihurtzen saiatu dira"
Parte Zaharra taberna eta saltokiekin lotzen dute batzuek; baina lehen begiratuaren ostean, erraza da auzo bizi eta koloretsuaren taupadak aditzea. Xabier Arberas (Andoain, 1954) eta Larraitz Mendizabal (Añorga, 1974) horren lekuko dira. Bihar, Parte Zaharrean Bizi izeneko auzo elkartearen aurkezpenera hurbiltzeko deia luzatu diete auzotarrei. San Telmon da hitzordua, 19:30ean.
Zergatik erabaki duzue auzo elkartea sortzea? Xabier Arberas (X.A.): Parte Zaharrean arazo asko izan dira betidanik, eta baita ekimen ugari ere. Auzoak elkarte integral bat behar duela pentsatzen dugu; istorio horiek guztiak elkartu, eta abian dauden ekimenak suspertzeko. Denon artean zein auzo nahi dugun pentsatu nahiko genuke. Larraitz Mendizabal (L.M.): Udaletxearekin interlokuzio bat egotea ere beharrezkoa da. Orain arte bizilagun-taldeak beren kabuz aritu dira; baina ideiak elkartu eta indarra hartzean erakundeekin zuzenean aritu nahiko genuke.
Zeintzuk lirateke auzoak unean-unean dituen arazo nabarmenenak? L.M.: Parte Zaharrean ez dago kultur etxerik, eta auzotarrek ez dute leku edo aretorik bilkura bat egin edo hitzaldi sorta bat antolatzeko; elkarte pribatuetara jo behar dute. Bestetik, gurasoek interes handia dute Haurtxoko edo Gaztetxokoa abian jartzeko; liburutegiak ditugu, baina bertan ezin da zaratarik egin eta, hortaz, ez dago eguraldi txarrarekin haurrak eramateko leku aproposik. Nagusiei dagokienez, igogailuen arazoa dugu, etxe askok ez baitute horiek jartzeko lekurik. X.A.: Era berean, gure nagusiek ez dute doako eguneko zentrorik, eta Fermin Kalbeton kaleko soto batean daude. Gazteei dagokienez, borroka luzea daramate gaztetxearekin. Eta espazio publikoari begira, ekimen pribatuaren esku dago geroz eta neurri handiagoan; jada ez dago kalean ia bankurik eta terrazetan eseri behar dugu derrigor. Hamaika auzi gehiago ere badaude: zaborra, trafikoa, droga… Hau ikusita, auzotarrok bizikidetzarako neurri batzuk hartu behar direla planteatzen dugu; guk Parte Zaharrean bizi nahi dugu.
Biharkoan, nor gonbidatzen duzue? Biak: [Aho batez] Auzo guztia.
Interes ezberdinak dituzten bizilagunak egotea garrantzitsua al da? X.A.: Gure auzoa oso heterogeneoa da; esaterako, Kaian edo Zabalgunean ditugun arazoak oso ezberdinak dira, baina denak dira auzoko arazoak. Bizilagunak hurbilen dituzten arazoak jorratu dituzte eta guk ahots bakarrean aritu nahi dugu.
Inoiz egon al da auzo elkarterik Parte Zaharrean? L.M.: Saiakerak egon dira, baina ez dute bidea hartu. Adibidez, Koxka izeneko elkarte bat egon zen duela 10 urte inguru. Egungo egoera ere lagungarria da; jendeak ilusioa dauka, gogotsu dago, eta lan egiteko prest. X.A.: Oraintxe, soinuarekin lotuta, Ixo izeneko elkartea dugu. L.M.: Zuloagako parkea egin zutenean ere mugimendu polita sortu zen. Agindutakoaren erdia egin zuten, eta modu naturalean gurasoak lanean hasi ziren, eskaera egin zuten eta azkenean parkearen handitzea lortu zuten.
Nolakoa izango da ‘Parte Zaharrean bizi’ elkartearen funtzionamendua? L.M.: Batzordeak eratu nahi ditugu. Lantzeko eremu pila bat daude, baina guk ez dugu erabakiko zeini eman lehentasuna. Auzoak erabakiko du; indarra hartzen duten batzordeek emango diote bizia elkarteari. X.A.: Ez dugu eztabaida antzurik nahi; ez dugu eztabaidatuko zein gai diren garrantzitsuenak. Halaber, mugak izango ditugula ere badakigu, adibidez, zaborra edo trafikoarena ez dira auzoko gai hutsak, gai potoloagoak dira.
Nola aldatu da auzoa azken urteotan? L.M.: Denda zaharrak ixten ari dira eta beste merkataritza mundu bat zabaltzen ari da. Euskararen erabilerak atzerapauso bat egin du merkataritza eta ostalaritzan. Bestetik, pentsioen kopurua dezente igo da, legez kanpoko pentsioak tarteko, eta horrek komunitateetan arazoak sorrarazi ditu. X.A.: Horrez gain, historikoki udal gobernuak Parte Zaharra parke tematiko-gastronomiko bihurtzen saiatu dira, kontuan hartu gabe atzean auzo bat dagoela.
Zuek zeuek 15 urte inguru daramazue Parte Zaharrean. Zuen bizipenetan oinarrituta, zer azpimarratuko zenukete? L.M.: Añorgatik etorri nintzenean Parte Zaharra gaueko dinamikarekin lotzen nuen, baina berehala konturatu nintzen herri-sena daukan auzo bat dela eta kulturalki mugimendu handia dagoela. Parte Zaharrean bizitzea herri txiki batean bizitzea bezalakoa da. Kanpoko jende askok jaia, erosketak edo ondo pasatzearekin lotzen duen arren, errealitatea bestelakoa da. X.A.: Ni Grosen bizitzen egon ostean hona etorri nintzen, eta oso gustura nago. Kalera atera eta izkin guztietan ezagun bat aurkitzen dut eta beti aritzen naiz haiekin berriketan; eguneko berriak direla edo Reala dela. Oso giro herrikoia dugu.
San Telmoren eraberriketarekin pozik al zaudete? L.M.: Obra itzela ikusita, pena da frontoia estali ez izana. Eraikin txiki bat egin izan balute –betiko Trinitate plaza errespetatuz–, orain kirol-ekipamendu ikaragarria izango genuke; baina horrek ez du dirurik ematen… Eta hori da auzoari begira ez egotea. Azken buruan, lokal hutsak egon badaude, auzoaren erabilpenerako, baina borondatea behar da. X.A.: Neurriak hartu beharra dago. Nortasun juridikoa eskuratu bezain pronto, lanean hasiko gara, bazkidetza sistemaren bidez eta ahalik eta parte hartze zabalena bermatuz.