Txillardegi ekologista eta antitaurinoa
Martin eta Waldo, Eguzkiko partaideak
Txillardegik garbi ikusten zuen “naturaren sarraski hazkorrak gizadia bera arriskuan jartzen duela”; horregatik “errotikako ekologismoaren behar gorria dagoela” pentsatzen zuen –Euskal Herria Helburu, 1994–. Ezaguna denez, Txillardegi bat eta bakarrean pentsamenduzko gizona eta ekintzazkoa banaezinak dira. Horregatik, pentsatu ez ezik, ekologistok antolatutako ekintzetan ere parte hartu ohi zuen. Manifestazio jendetsuetara joaten zen, baina askoz ekintza xumeagotara ere. Gogoan dugu, Caudilla kondearen parkea zenaren –egun, Zubimusu– babesa eskatzeko egin genuen kanpaldia. Txillardegi eta Jone izan ziren beteranoenak, jakina. Halaber, Berioko artea bota nahi zutela-eta, luzatu zigun eskua, “espanturik gabe”; esan eta egin ohi zuen bezala. Badira beste adibide batzuk, noski, baina hauek ekarri ditugu gogora Txillardegiren haurtzaroko aberrian gertatu zirelako, Antiguan, alegia. Baina gatozen berriz harira. Ekologista ez ezik animalista ere izan da. Markos Zapianek nabarmendu duenez –Txillardegi eta ziminoa, 2007–, Txillardegik Orangutanen ugartea lehen ipuinean bertan, azaldu zuen lehen aldiz (1957an!) ondoren behin baino gehiagotan azaldu duen kezka: gizakia zein puntutaraino bereizten den ziminoarengandik eta, oro har, gainerako animaliengandik. Kezka horren ondorioz, liburuetan sufritzen ari diren animaliekiko erruki nabarmena erakutsi du beti. Izan ere, egunotan behin baino gehiagotan irakurri dugu Txillardegi humanista zela, eta egia da. Baina bere humanismoa ez zen gizakia soilik unibertsoaren zentroan ipintzen dutenen tankerakoa. Bere ustez, hori humanismoa baino gehiago “antropokeria” zen. Animaliekiko errotiko bereizketa “harrokeria hutsa” iruditzen zitzaion. Horregatik ezin zuen animalien tortura jasan, eta zezen-plaza berriz ere eraiki behar zutela esaka hasi ziren unetik antitaurino militantea izan zen. Aste Nagusiko manifestazioetan parte hartu izan du, eta pankarta heldu behar izan badu, heldu egin du, “espanturik gabe”. Jose Luis, jaso gure txalorik sentituena, eta badakizu, ezagutzen gaituzulako, ez garela txaloak merke egiten dituztenetakoak. Etxekoei, berriz, besarkada bana. Ostiralean, Sebastian bat bada zeruan, Donosti bat bakarra munduan kantatzean, Txillardegi bat eta bakarra ezagutzeko zortea izan dugula gogoratu dugu, ekologista eta antitaurinoa ere bazena.