Gipuzkoako historiaren alde
Miguel de Aranburu Historialari Elkartea sortu dute, iraganeko garaien berri zehatza zabaltzeko asmoarekin
Hitzaldiak, Koldo Mitxelenako areto nagusian:
Gipuzkoako hainbat historialari batu egin dira eta Miguel de Aranburu Gipuzkoako Historialari Elkartea sortu dute. Euren ideia argia da; Gipuzkoako historia jaso eta zabaltzea. Momentuz, 12 historialari inguruk sortu dute elkartea, guztiak ere gipuzkoarrak. Hala ere, aurrerantzean kide gehiago batzea espero dute, ia 50 lagunera iritsi arte. Alvaro Aragon oiartzuarra eta Jose Luis Orella eta Carlos Rilova donostiarrak elkarteko kideetako batzuk dira, eta beraiek izan ziren atzoko aurkezpeneko gidariak.
Miguel de Aranburu 1896ko Gipuzkoako Foruen Bildumaren egilea izan zen, eta horregatik, hain zuzen ere, hartu du elkarteak haren izena. Aragonek azaldutakoaren arabera, elkartea 2011ean hasi zen lanean, baina ofizialki aurten abiatu da, lurralde historikoan dagoen gabezia betetzeko asmoarekin. Izan ere, 12 urte baino gehiago igaro dira Gipuzkoko azken historia fakultatea desagertu zenetik. Horren ondorioz, historia ikasketak Gasteizen egiten dituzte Gipuzkoako ikasleek, eta Arabakoak edo Bizkaikoak dira fakultateko irakasle gehienak. «Gipuzkoar historialari asko daude, bai unibertsitateetan bai unibertsitateetatik kanpo, baina sakabanatuta», azaldu zuen Aragonek. Elkarte berriaren asmoa, horiek guztiak batzea eta, modu xumean, ekimen berriak egitea da. «Gure asmoa ez da hontaz bizitzea; Gipuzkoako historia eta egindako ikerketak ezagutarazi nahi dizkiogu jendeari, gizarteratzeko», jarraitu zuen historialari oiartzuarrak.
Jose Luis Orellak elkartea sortzeko arrazoietan gehiago sakondu zuen. Orellaren hitzetan, Gipuzkoako historia bildu eta zabaltzeko ahaleginak ere egin izan dituzte lehenago, baina ez dute arrakastarik izan. Beraz, historia orokorraren morroi bihurtu izan da. Rilova historialariak are diskurtso gordinagoa eman zuen: «Beste lurralde batzuekin alderatuz gero, atzean geratzen ari gara. Bere iragana ezagutzen ez duenak ez daki nora doan, hori horrela da».
Elkartearen helburuak honakoak izango dira: Gipuzkoako historiaren inguruan ikertzen duten guztien arteko lotura eta esteka izatea, eta horren inguruan eztabaida kritikoa piztea; guztien artean historiari buruzko informazio eguneratua zabaltzea; Gipuzkoako historia ezagutzea, ikertzea, sakontzea eta gizarteratzea; aholkularitza eskaintzea erakundeei eta enpresei, txosten historiko edo arkeologikoen bidez; tokian tokiko historiak, testuak eta mapa geografikoak prestatzea; komunikabideetan historia eta kolaborazio artikuluak osatzea; jardunaldi, hitzaldi eta mintegietan parte hartzea; dibulgazio mailako hitzaldi-sortak antolatzea; eta herrialdeko eta Euskal Herriko beste erakundeekin hartu-emanak sustatzea.
Ekinaren ekinez
Sortu berri den elkartearen helburu guztien funtsa berdina da; historia gizarteratzea. Beraz, elkarteak lehen pausoa emango du, Koldo Mitxelenako areto nagusian emango dituen hitzaldi batzuen bidez. Hitzaldiak emateko hainbat historialari bildu dituzte, eta eurek gehien menperatzen dituzten gaiak azalduko dituzte. Izan ere, historialariek beraiek doktore tesiak, ikerketa proiektuak, argitalpen monografikoak edo aldizkari zientifikoetan egindako lanak hartuko dituzte ardatz.
- Urtarrilak 25. Nekazaritzaren hastapenak Gipuzkoan, Lidia Zapataren eskutik.
- Otsailak 29. Gipuzkoa 1200: Eransketa edo konkista?, Jose Anjel Lemaren eskutik.
- Martxoak 27. Erregearen kontrabandistak XVII. mendean, Xabier Alberdiren eskutik.
- Apirilak 25. Las comunidades de aldea en la Gipuzkoa del Antiguo Regimen, Estibaliz Gonzalezen eskutik.
- Maiatzak 30. Euskal kongregazioak eta Espainiako Gortearen menpea, Alberto Anguloren eskutik.
- Maiatzak 30. Jesuitas e ilustrados en el siglo XVIII, Jose Luis Orellaren eskutik.
- Irailak 26. El Duque de Mandas: el amigo de la reina Victoria, Carlos Rilovaren eskutik.
- Urriak 31. La guerra civil en Gipuzkoa, Pedro Barrusoren eskutik.
- Azaroak 28. Euskal ordezkaritzak erbestean, Eneko Sanzen eskutik.