Kulturari eta politikari egindako ekarpenagatik omenduko dute Txillardegi
Txillardegiren ametsa abertzaleen arteko batasuna eta elkarlana zela nabarmendu zuten ezker abertzaleko kideek, eta horregatik, ekitaldia “abertzaleon batasunaren ispilua” izatea nahi dute. Azken urteetan asmo hori gauzatzeko egindako urratsei jarraituz, herritar abertzale orori ekitaldian parte hartzeko deia egin zien Ugarteburuk, “guztion artean, Txillardegik merezi duen agurra eman diezaiogun”. Maitatu, pentsatu eta ekin Matematikaria, filosofoa, politikaria, poeta, mistikoa, literaturaturagilea… Txillardegi asko zeuden, baina ezker abertzalearen iritziz, bere jarduna definitzeko gakoak hiru dira: maitatu, pentsatu eta ekin. “Euskal Herria maitatu du; pentsalaria izan da, alor askotan bere ekarpenak utziz; eta ekintzailea, bere ideiak bururaino eramateko prest bizitza osoan zehar. Guztia, Euskal Herria euskalduna helburu hartuta”, adierazi zuen Ugarteburuk
Ekarpen “erraldoia” utzi du antiguatarrak esparru askotan, baina bereziki bi alor nabarmendu zituzten bere borrokan: aberria eta euskara. “Txillardegi izan zen aberriaren funtsa hizkuntzan datzala zabaldu zuena, ondotik hainbat belaunaldirentzat ikur bilakatuz”, gogoratu zuten ezker abertzaleko kideek. Ondorioz, Txillardegiren lana “funtsezkotzat” jo zuten, “Euskal Herriak egun bere etorkizunari zutik eta euskaraz errepara diezaion”.