Adiskidetasunaren muga umoretsuak
‘Hil arte bizi’ antzezlana taularatuko du Txalo Produkzioak asteburuan, Antzoki Zaharrean
Begoña Bilbaok zuzendutako Hil arte bizi antzezlanaz gozatzeko aukera egongo da asteburu honetan Donostian. Txalo Produkzioko Iker Galartza, Sara Cozar eta Joseba Usabiaga aktoreek hiru lagunen rola jokatuko dute. Hala, laguntasunaren arteko mugetan oinarritutako obra taularatuko dute. Nacho, Angel eta Maria izango dira antzezlaneko pertsonaiak eta euren artean, gutxienez pare bat maitasun istorio sortuko dira. Gainera, euren adiskidetasuna kolokan jarriko duen zerbait ere gertatuko da. Gozategiren musikak ere protagonismoa izango du, bizitzeko gogoaz arituko den tragikomedian.
Hil arte bizi antzezlana ostiraletik igandera ikusteko aukera egongo da, Antzoki Zaharrean, 20:00etan. Sarrerak 15 eta 18 eurotan jarri dituzte salgai, eta Donostia Kulturako webgunearen bidez eros daitezke.