Urte berria
Iñake Irastorza, aktorea
Beste urte bat estreinatu dugu. 2012ko urtea hementxe dugu, berri berria. Eta gauzak dauden bezala egonik ere, desioa eta esperantza ezin ditugu baztertu. Horregatik, apal, baina gogotsu eta indarrez eskatzen diot urte berriari: Osasuna, egunerokotasunak dakartzan gauza txiki eder horietaz gozatzeko ahalmena; harrokeriarik gabe, baina duintasunez bizitzekoa adina lan eta diru, eta ezustekoak ere ederrak badira oso gustukoak ditut, baina txarrak izatekotan nahiago bat ere ez. Beste maila batean eskatuko nioke, kulturarekiko arreta ez dezagula galdu. Esan nahi dut kontu egin behar dugula, zaindu, mimatu. Krisia dela eta ez dela, gure agintariek eta politikariek erraz baztertzen duten zerbait da kultura, garestia dela argudiatuz. Bai, agian horrela izango da, baina «inkultura» edo kulturarik eza askozaz garestiagoa dela ez egin dudarik. Potoloa eta zabala da KULTURA hitza. Horregatik, ni nire sailera bilduko naiz pittin bat, adibide modura zerbait kontatzeko- Etxetik hasita, tokatzen zaigun mailan, guk geuk ere arduratsu jokatu beharko genuke.Beste horrenbeste, kultura programatzaile eta arduradunek. Eta jarraitzeko, komunikabidek ere arreta pixkatxo bat gehiago, agian, jarri beharko lukete. Adibidez, prentsa idatzian, kulturako prentsaurreko, kartelera, agenda eta abarri toki gehiago emanez eta era erakargarriago batean iragarriz. Igual nire irudipena izango da, baina batzuetan, karteleran zerbait aurkitzea ez da hain lan erraza izaten. Maiz, badirudi ia toki faltan edo, konpromisoa bete besterik ez dutela egiten, era nahiko aspergarrian gainera. Esate baterako, egunkari batzuetako zineko kartelera irakurtzeko, seguru nago lupa bat beharrezkoa izango duela askok eta askok. Sarritan ezinezkoa egiten da pelikularen zuzendaria nor den jakitea ere, edo aktoreak. Antzerkiarekin ere gutxi gora-behera, beste horrenbeste gertatzen da. Kontzertu, erakusketa eta gauza gehiagorekin ere. Telebista eta irratiek egiten duena baina askoz gehiago egin dezakete. Bai, badakit askok pentsatuko duzuela interneten sartu besterik ez dudala. Eta egiten dut. Gehiegitan ordea, zera gertatzen da: “orrialde hori ez dagoela prest” agertzen dela pantailan. Bestalde, kultur etxe guztietako sarreretan eta antzokietakoetan ere, programa eta paper pilo bat dugu hartu nahi izanez gero. Baina ia informatzeko baino desinformatzeko gehiago balio digu, tamaina honetako paper-festa-kaos honek guztiak. Hainbeste papertxo eta programatxo –kultur etxe bakoitzak berea, alegia– egin beharrean, zergatik ez da bat fundamentuzkoa egiten? Agian beste tokietan egiten den Guia del Ocio moduko antzeko zerbait? Programatzaile, arduradun, komunikabide eta geure eskuetan dago guzti honen konponbidea. Eta ez da diru kontua, arreta eta sentsibilitate kontua baizik. Saiatu gaitezen. Urte berri eta oso bat dugu lortu ahal izateko. Baita ere eskatzen diot, herri honek hartu duen bideari jarraitzeko, guztiok izan dezagula nahikoa ausardi, borondate eta eskuzabaltasun. Ez gaitezela, sekula berriro, zalaparta inozo eta iskanbila txatxuetan galdu. Eta bukatzeko, erreguka eskatzen diot 2012ari, matxismoaren krimenen bukaerara eraman gaitzala. Behingoz, gizarte osoak aurre egin diezaiola eta ez dezala inoiz gehiago justifikatu, emakumeen kontra matxismoak eragiten duen biolentzia eta krimena. Jasanezina baita, oraindik gure artean gertatzen ari dena.