Donostia 2016 bulegoko kideak kaldereroetako erregina eta damak izango dira
Kresalak antolatzen duen iñude eta artzainen konpartsan pertsonaia berriek hartuko dute parte
1884. urteko otsailaren 2an hasitako ohiturari zintzo erantzuten diote kaldereroek. Urtero legez, Hungariako lurrak utzi eta euren zartagin eta pertzak gurdian hartuta hirira helduko dira larunbatean. Parte Zaharrean, konpartsa tradizionalarekin bat eginda, 22:00etan hasiko dute kalejira. Ordurako, herritarren loreak jasotzeko dotore egongo dira Donostia 2016 bulegoko kideak. Kaldereroek ere Donostia Europako Kulturaren Hiriburu bilakatzeko egitasmoa bultzatu nahi dutelako aukeratu dituzte konpartsako erregina eta damak. Kultur proiektuaren zuzendari izandako Santi Erasok irakurriko du donostiarrak festan murgitzeko pregoia. Ondoan izango ditu damak: Igor Otxoa, proiektu zuzendaria, eta Katerin Blasco, komunikazio arduraduna.
Fermin Kalbetonen zartaginak berotu eta, 22:15etan, kanpalekua altxatzeko moduan egongo dira Konstituzio plazan. Bertan elkartuko dira konpartsa osatzen duten 18 tribuak. Denera, Hungariako musika eta giroa donostiarren artera zabaltzera datozen 350 lagun izango dira.
Konstituzio plazatik urteroko ibilbidea egingo dute. Aurten, ordea, aldaketa txiki bat egingo dutela zehaztu du Juanjo Perez Beltza kaldereroak. San Juan kaletik San Bizente kalean sartuko dira Esperanza elkartearen aurrean geldialditxo bat egiteko. Mendeurrena betetzen du kirol elkarteak eta oroigarri bat emango dietela aditzera eman du.
Hungariako gizon-emakumeen janzkera ohikoa baino koloretsuagoa izango da, halaber. Kalderero nahiz musikariek botoi gorri bat irudikatzen duen txapa eramango dute soinean. Kaldereroek garai batean zeramaten oroigarria gogora ekartzeko sinboloa dela azaldu du Donostiako Udaleko Nerea Txapartegi Kultura ordezkariak.
160 lagun baino gehiago
Larunbatean, goizaldeko 1:20 aldean bukatuko dute desfilea. Beharrezkoa izango da, bada, hurrengo egunerako indarrak gordetzea, iñude eta artzainak ibiliko baitira kalerik kale. Gero eta zabalduagoa den festa dela adierazi du Kresalako konpartsako kide den Joxe Muruak: «Grosen, Amaran eta Antiguan ere badabiltza artzain eta iñudeak».
Partaide kopurua, halaber, urtetik urtera hazten ari dela jakinarazi du. Aurten, 160 lagunetik gora aterako dira Kresalako egoitzatik. Eguerdian abiatuko dira eta Konstituzio plazara helduko dira. Bertan izango dituzte Udal Txistulari Bandako kideak festa girotzen.
Iñude eta artzainekin batera, danborrariek eta garai bateko pertsonaiek osatzen dute konpartsa. Alkate, gotzain, idazkari, bota garbitzaile, lorezain eta gainerakoekin bizpahiru pertsonaia berri ibiliko direla aurreratu du Muruak. Haiek ezagutzeko desfilea adi jarraitzeko eskatu du Kresalakoak.