Hiriko 3 urteko haurren %75ek D ereduan ikasten dute
Udaleko Euskara Zerbitzuak gutuna bidali die ehunka gurasori eredu euskalduna aukera dezaten eskatuz.
Hamaika aldagairi erantzunez egin ohi dute gurasoek ikastetxe baten ala bestearen aldeko erabakia. Hala ere, bi hautatze dira ezinbestekoak: batetik, ikastetxe mota –pribatua ala publikoa–; eta bestetik, hizkuntza eredua. Horren jakitun, Udaleko Euskara Zerbitzuak datorren ikasturtean lehendabizikoz haurrak eskolan matrikulatuko dituzten gurasoak euskarazko eredua hautatzearen garrantziaz ohartarazi nahi izan ditu. Horretarako, gutun bat bidali die egoera honetan dauden ia 1.600 gurasori. Idatzian, haurrak elebidunak izan daitezen aukera onena eta praktikoena euskarazko ereduan aritzea dela azaldu diete. “Donostiako egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, egin diren ikerketak eta orain arteko esperientziek erakutsi baitigute D ereduak bermatzen duela elebitasunik orekatuena”.
Udalaren iritziarekin bat datoz gero eta guraso gehiago. Abian den ikasturteko datuak ikusi besterik ez dago. Adin honetako haurrentzako hezkuntza eskaintzen duten 19 ikastetxe publiko eta 27 ikastetxe pribatu daude Donostian. Hauetan 2011-2012an eskolatu diren 10.969 haurren %75,78ek D ereduan egin zuten. Datu honek azken urteetako goranzko joera etengabea berresten du; 1995-1996 ikasturtearekin alderatuta, bikoiztu egin baita orduan %37ra besterik iristen ez zen kopurua.
DBHko ikasleei dagokienez, berriz, aldea nabaria izan arren, ikasleen erdiak eredu euskaldunaren alde egin du. Orotara, 2 eta 18 arteko hezkuntza ibilbidean matrikulatu diren 26.702 ikasle donostiarren gehiengoak bide hori jarraitu du. Euskaraz ikasten dutenak %60,8 baitira.