Aitor Azurki: "Nire lehen liburuaren bigarren edizioa ateratzea opari bat izan da"
Aitor Azurki: Kazetaria
Maizales bajo la lluvia liburua Euskal Herriko mugetatik kanpo aurkezteko aukera izaten ari da Aitor Azurki, arrakastarekin.
Bere lehen liburuan, 1936ko gerran frankisten aurka borrokatu zuten ideologia guztietako 11 gudariren lekukotzak bildu zituen Aitor Azurkik (Gros, 1983). Hainbat herritan liburuaren berri eman ostean, jauzia emateko aukera izan du, Euskal Etxeen bidez. Momentuz, Bartzelonan egon da gudarien pasarteak kontatzen eta liburuko protagonistetako bat izan du berarekin; Marcelo Usabiaga. Laster Zamorara eta Madrilera ere joateko asmoa du. Bere esperientziaren berri eman dio IRUTXULOKO HITZAri.
Nolatan izan duzu Bartzelonara joateko aukera?
Euskal Etxearen bidez lortu dut. Memoria historikoaren inguruko ziklo baten barruan sartu dute nire liburuaren aurkezpena. Antoni Batista izan genuen aurkezle lanetan. Bera kazetaria eta unibertsitate irakaslea da, gatazketan aditua da, eta bereziki, Euskal Herrikoan. Hainbat liburu idatzi ditu, eta oraintxe kaleratu du bat, bakearen inguruan. Marcelo Usabiaga 95 urteko gudaria eta ni joan ginen, eta niretzako luxua izan zen Antonirekin egotea.
Zer moduzko harrera izan zenuten?
Egia esan oso oihartzun ona izan du liburuak Katalunian. Bai jende aldetik, 60 lagun ez direlako gutxi, bai hedabide aldetik ere; La Vanguardiak azken orrian atera gaitu, El Periodico de Cataluñak bi orriko erreportaje bat atera zuen, el Punt Aguik ere bioi egindako azken orria atera zuen… orduan, oso pozik nago, harrera izugarria izan da Katalunian.
Marcelo Usabiaga erraz konbentzitu zenuen Bartzelonara joateko?
Ez zitzaidan batere kostatu. Proposamena egin nion eta baietz esan zidan. Gainera, halako lekukotza pribilegiatu bat Katalunian sekulakoa izan da, oso gustura egon ziren denak. 21 urtez kartzelan preso egon zen Marcelo, eta badu zer kontatu.
Nolakoa izan zen aurkezpena?
Antoni Batistak aurkeztu gintuen Marcelo eta biok, katalanez. Gero, liburuaren berri eman zuen gainetik, eta Euskal Herritik kanpo ere oihartzun polita izaten ari dela azaldu zuen. Gero, liburuaren nondik norakoak azaldu nituen, eta bost minutuko bideoa jarri genuen, testigantza adierazgarrienekin. Ondoren, Marcelok bere bizitza kontatu zuen nik gidatuta, Gipuzkoa, Madril eta Bartzelonako guda oinetan ibilitakoa baita, atxilotu egin zuten… eta berari buruzko bi minutuko bideoa jarri genuen. Bukatzeko, bideo berri bat jarri nuen; liburuan lortu nuen topaketa batekin, argazki bera zuten bi gudari ezagutu bainituen. ETB-rako lortu nuen bi gudari horiek elkartzea, beraz, 70 urteren ondoren, elkar ikusi zuten. Bideo hori berreskuratu eta Bartzelonan jartzean, jendea zur eta lur geratu zen. Bestetik, luxuzko gonbidatu bat ere izan genuen, Enrique Pubill, bera da Kataluniako frankismoko preso politikoen elkarteko presidentea. Sozialista zen eta honek ere urte asko eman zituen kartzelan.
Katalunian aurkeztu duzu liburua. Zein izango da hurrengo geltokia?
Katalunia izan da toreatu dugun lehen plaza, eta oso gustura gaude. Orain Zamorara joango gara, eta Candido Ruizek egingo du gure aurkezpena. Zamorako eskola bateko irakaslea da, eta Zamorako errepresio frankistaren eta 1936 gerraren inguruko liburu bat idatzi du. Berriro ere niretzako luxua izango da, memoria historikoaren inguruan halako konpromisoa hartu duen pertsona batekin egotea. Orain, Valentziara eta Madrilera joateko aukera lotzen dugun zain gaude.
Bigarren edizioa aurkezten ari zara, lehenengoak arrakasta izan zuenaren seinale.
Bai, lehenengo edizioa 2011ko apirilean kaleratu genuen, eta bigarren edizioa, irailean. Hainbat herritan bira moduko bat egin genuen; Donostia, Bilbo, Eibar, Irun, Astigarraga, Elgeta… eta orain kanpoan gabiltza. Nire lehen liburuaren bigarren edizioa ateratzea opari bat izan da; gizarteak eman didan opari bat, nolabait esatearren, gainera, bizi dugun krisi garai honetan. Gudarien eta gizartearen artean bozgorailu lana egin dudala esaten dut beti, eta harrera oso ona izan da, ezin naiz ezertaz kexatu.
Zein erantzun jaso duzu aurkezpenetako partaideen aldetik?
Jende asko hurbildu izan zaigu behin aurkezpenak bukatuta. Gogoan dut, esaterako, Eibarren amona bat bere bilobentzako liburua sinatzeko eskatzera etorri zitzaidala; eta bere aita fusilatu egin zutela kontatu zigun. Beste batek, bere aita urte askoan preso eduki zutela kontatu zidan. Halako kasu asko izan ditugu.
Zein adinetako jendea hurbildu da bereziki aurkezpenetara?
Batez ere zaharrak eta gazteak izan dira; nire adinekoak eta 60-70 urte ingurukoak. Tarte bat dago, 50-60 urte ingurukoena, ez dutenak ezer jakin, euren gurasoek ez dietelako ezer ere kontatu. Hor belaunaldi baten mozketa gertatu da, eta hurrengo belaunaldia izan da galderak egiten hasi dena.
Liburuarekin jasotakoaz gain, gehiago ikasten ariko zara, ezta?
Batez ere, gudariengandik ikasi dut. Ikusi dut nola jarraitzen duten borrokalariak izaten, eta aldi berean umil, bizitzeko sekulako grinarekin. Gure aiton-amonek gauza asko dituzte gizarteari eskaintzeko eta guri irakasteko. Euren egia kontatzea eta justizia egitea eskatzen dute. Mundu honetara ez gara etorri ongi pasatzera eta lan egitera bakarrik. Zure lanaren bitartez eta zure ekintzen bitartez, gauzak hobetu ahal baditzakezu, ongi dago. Gauzak alda daitezkeela erakutsi didate.
Liburua lagungarria izan da ezkutuko kontuak azaleratzeko?
Beste hondar ale bat izan da. Konturatzen naiz tabu eta beldur asko egon direla, eta aportazio txiki bat izan da. Lagundu duen? Bueno, lagundu du jendeak kontzientzia hartzeko benetan gertatu zenaz; eta bere familian ere gertatu zirela horrelakoak. Jende askok hori ez daki, nik ere nire aiton-amonak gerran zertan ibili ziren, oso gutxi dakit. Nik uste dut, nire adineko gazte askok gudarien begietan islaturik ikusten dituztela euren aiton-amonak.
Haur lapurtuen gaian ere murgilduta zabiltza.
Bai, garai hartako injustiziengatik interes berezia dut. Beti saiatzen naiz nire ekarpena egiten. Egia atera nahian gabiltza eta prentsa arduradun bezala nago. Arraunlarien metafora erabiltzen zuen Oteizak: atzera begiratzea, aurrera egiteko. Atzeko historia ez ahaztea garrantzitsua dela uste dut.
Beste lanen bat baduzu eskuartean?
Baditut gai batzuk buruan, baina orain ez daukat denborarik. Artikulu batzuk idazten ari naiz han eta hemen, baina besterik ez.