Loiolako Erriberako lursail bat saltzeko lehiaketak ez du erosleen interesa piztu
Loiolako Erriberan, Nemesio Etxaniz kaleak eta Bartzelona hiribideak bat egiten duten lekuan, lur sail bat saltzeko lehiaketa jarri zuen Udalak abian. Zazpi milioi euro eskuratzea espero zuten. Lehiaketak, antza, ez du erosleen interesa piztu eta ez da jabe aldaketarik izan. Lehiaketak aurrera ez egitea «oso berri txarra» dela adierazi du EAJko zinegotzi Iñaki Gurrutxagak, ez duelako 2011ko udal aurrekontuko kitapena orekatzen lagunduko. Lehiakiderik ez aurkeztea «ezustekoa» izan dela onartu du Javier Vitoria udaleko Ogasun ordezkariak. Dena den, ez dutela amore emango eta aurreikusitako zazpi milioi euroak lortzeko lanean ari direla azaldu du.
Foru Aldundiak izan duen diru sarreren murrizketa medio, Donostiako Udalak 14 milioi euro itzuli beharko dizkio. Gurrutxagaren hitzetan, kopuru horren erdiari aurre egiteko Loiolako Erriberako lursailetik lortutako dirua baliatzeko asmoa zuen udal gobernuak. Beste erdiari 2010. urteko udal aurrekontuan lortutako udal aurrezkiarekin erantzungo ziotela azaldu du. 2012ari «zama horrekin ekitea» ez du begi onez hartu Gurrutxagak.
Bilduk, gainera, aurreko udal gobernuaren ohiturei eusten diela kritikatu du EAJko zinegotziak. Izan ere, «aurreko udal aurrekontuak ziurtasun gutxi zuten diru sarrererekin betetzen zituzten eta Bildu antzekoa egiten ari da», esan du. Illunbe saltzea eta gutxienez 19 milioi lortzea ez dela erraza izango ohartarazi du Gurrutxagak. Eroslerik ez topatzeak aurrekontuan eragin handia izango lukeela dio. Trafiko isunekin aurreikusitakoa baino %50 gehiago eskuratu dute
Denis Itxaso PSE-EEko zinegotziak jakinarazi duenez, trafiko isunekin aurreikusitakoa baino %50 gehiago eskuratu dute. Odon Elorzaren gobernuak iaz egin zituen aurreikuspenetan 3.746.000 euro jasoko zituztela kalkulatu zuten; kopurua hori, azkenean , txiki geratu da, 5.500.00 euro jaso baitituzte. Lortutako kopurua «benetan deigarria» dela azaldu du Itxasok.
Bide batez, Bilduk diru sarrerak lortzeko aukeratutako bidea kritikatu du. «Diru sarrerak kudeatzea ez dela isunen bidez herritarrak itotzea», esan du PSE-EEko zinegotziak. Diru zorroa betetzeko beste erakunde batzuekin negoziatzen aritzea beharrezkoa dela nabarmendu du.