Mini Kopan ere hartuko du parte Gipuzkoa Basketek
Lagun Aroko lehen taldeak lehen aldiz hartuko du parte Kopan; gaztetxoentzat ere lehen aldia izango da. Hain zuzen ere, sailkatutako taldeen harrobiak ere aukera izango du Bartzelonan jokatzeko. 14 urteko jokalari gazteen arteko Mini Kopa Vall d’Hebroneko Centre Esportiu Municipal Olimpics kirolgunean jokatuko dute ostirala eta igandea bitartean.
Lagun Arok bihar egingo du debuta, 9:00etan, Bartzelonaren aurka. 13:00etan, Fuenlabrada izango du aurkari. Larunbatean, berriz, 11:00etan, Banca Civicaren kontra ariko da. Bi multzotan banatuta daude taldeak, eta multzo bakoitzeko bi lehenengoek jokatuko dituzte norgehiagoka erabakigarriak igandean.
Donostiarren artean Mini Kopako jokalari garaienetako bat dago; Aitor Astigarraga. 1,92 metro neurtzen du 14 urteko gazteak. Alex Paton ere altua da oso; 1,91 metro neurtzen du. Hala ere, Mini Kopako jokalari altuenak Real Madrilen jokatzen dute; Iñigo Gomezek eta Felipe Dos Anjos de Paulak 2,02 metro neurtzen dute.
Hain justu, Lagun Aroren lehen taldean jokatzen duen Julen Olaizolak hartu zuen parte, 2007an, Mini Kopan. Real Madrilekin jokatu zuen, eta txapeldunorde izan zen. Gaur helduekin jokatuko du, Bartzelonan baitago, Caja Laboralen aurka aritzeko prest.