Carlos Mungia opera abeslari donostiarra hil da, 90 urterekin
Donostiako Orfeoiko kidea izan zen hamabi urtez, eta 1992an egin zuen bere azken emanaldia, Bartzelonan
Carlos Mungia tenore donostiarra 90 urte zituela hil da. Opera, zarzuela nahiz euskal kantak interpretatu zituen Mungiak bere ibilbide oparoan zehar, baina duela 20 urte utzi zion kantatzeari. Hileta elizkizuna Groseko San Ignazio elizan egitekoa zuten, atzo, 19:00etan.
1921eko azaroaren 4an jaio zen Donostian, eta Karmeldarren eskolanian hasi zen kantatzen, bere anaiarekin batera. Bi anaiek ez zuten batere gogoko kirola, abestea zen euren nahia, besterik ez. Hala, aurrerago, Kaputxinoen eta Los Angeles eskolako abesbatzetan ere aritu zen Mungia. 1938an, Donostiako Orfeoiko kide bihurtu zen, eta 17 urterekin, Juan Gorostidiren zuzendaritzapean abestu zuen.
Orfeoiko kide bezala, Donostiako Musika Hamabostaldian egin zuen bakarkako lehen emanaldia. 19 urte zituen orduan, eta jaialdiaren inaugurazio ekitaldian kantatu zuen. Zehazki, Berliozen La damnation de faust abestu zuen, Viktoria Eugenia Antzokian. Sekulako arrakasta izan zuen eta, hamabi urtez orfeoiko kide izan zen arren, musikan ez zuen bizitzeko adina irabazten. Beraz, tailer bateko erosketa buru bezala ere lan egiten zuen, eta emanaldietarako baimenak eskatu behar izaten zituen. 1957an, Parisen kantatu zuen lehen aldiz, Ataulfo Argentak zuzenduta. Finean, 50 urte baino gehiago eman zituen lirika munduan, eta azken emanaldia Bartzelonan egin zuen, 1992an.
Bere ibilbidea saritu zuten hainbat sari jaso zituen, eta Donostian omenaldia egin zioten, 1990ean.