La Oreja de Van Gogh taldea izango da 'Euskadi, dasta ezazu' kanpainaren enbaxadorea
La Oreja de Van Gogh taldeak eta Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailak hitzarmena sinatu dute. Akordio honen arabera, Donostiako boskoteak Euskal Autonomia Erkidegoa sustatuko du Cometas en el cielo diskoaren aurkezpen biran. Turismo kanpainarako Promesas de Primavera abestia hautatu dute, “Euskadin zabaldu den itxaropen eta bakerako garai berriarekin identifikatzen den abestia”, Jaurlaritzaren ustez. Musika taldea, beraz, Euskadi, dasta ezazu turismo kanpainaren enbaxadorea bihurtu da.
Zein izango da taldearen lana? La Orejak, kontzertu guztietan, EAEan turismoa sustatzeko kanpainako bideo bat erakutsi beharko du; Promesas de Primavera abestiaren eskubideak utzi beharko dizkio jaurlaritzari, turismo kanpainan erabiltzeko; eta elkarrizketa eta prentsaurreko guztietak EAE sustatzeko konpromisoa hartuko du nazioarteko biran. Akordio honi esker, La Oreja de Van Gogh taldeak 150.000 euro eskuratuko ditu.