Musikeneko orkestra sinfonikoak elkartasun kontzertua emango du
Aiete ikasle egoitzak antolatutako emanaldia Viktoria Eugenian Antzokian izango da, otsailaren 26an
Kontzertua
Viktoria Eugenia antzokia Musikeneko ikasleen elkartasun kontzertuaren lekuko izango da hirugarren urtez. Izan ere, Aiete Ikastetxe Nagusiak bultzatuta, aurten ere, Zabalketa Gobernuz Kanpoko Erakundearentzat bideratutako ekimena egingo dute. Hala, otsailaren 26ko emanaldian, Musikeneko orkestra sinfonikoa izango da protagonista, eta familia guztiarentzako egokia izango dela ziurtatu dute antolatzaileek. Sarrerak dagoeneko salgai daude antzokiko leihatilan, baita Internet bidez ere.
Ekimenarekin, herrialde garatuei zein ez garatuei kalte egiten dieten gizarte auzien inguruko sentiberatasuna sustatu nahi du Aiete ikasle egoitzak. Zehazki, Zabalketa erakundearen El Huambrillo –mutikoa ketxueraz– proiekturako bideratuko dute dirua. Peruko Amazonian dago Iquitos hiria, eta bertan, El Huambrillo aterpetxea sortu zuen Zabalketak. Kalean bizi diren 4 eta 17 urte arteko haurrak hezten dituzte aterpetxean, umezurtzak edo familiako inork zaindu ezin dituenak. Finean, aterpetxeak ostatua eta jatekoa ematen die haurrei, eta euren bizitza profesionalerako oinarri batzuk ematen dizkiete, besteak beste. Zabalketa erakundeko boluntarioa da Igone Araiz, eta berak azaldu duenez, orain arte aterpetxea hiru iturrietako finantzatzeari esker mantendu dute: bertako gobernuarena, Caritasena eta Zabalketarena. Gobernuak, ordea, dirua emateari utzi dio. Beraz, aterpea mantentzeko arazoak dituzte.
Zuzendari gonbidatuarekin
Musikeneko orkestra sinfonikoaren kontzertua Paul Murphy zuzendari gonbidatuak zuzenduko du; eta honakoak izango dira orkestrak interpretatuko dituen lanak: Dmitri Xostakovitxen Festive Overture; Txaikovskiren pianorako eta orkestrarako lehen kontzertua, Si bemol minorren; eta Ratxmaninoven bigarren sinfonia, mi minorren.
- Zer. Musikeneko orkestra sinfonikoaren elkastasun kontzertua.
- Noiz. Otsailaren 26an, 19:00etan
- Non. Viktoria Eugenian.
- Prezioa. Sarrerak 13, 16 eta 20 eurotan daude salgai.