Igor Legarda: "Luzera eta altuera jauzia eta hesi-lasterketa dira nire gogokoenak"
Igor Legarda, Atleta
Katalunian jokatutako Espainiako Pista Estaliko Atletismo Txapelketatik
heptatloian lortutako brontzezko domina batekin itzuli da Igor Legarda amaratarra.
Realarekin, atletismoko proba konbinatuetarako prestatzen hasi zen duela hiru urte Igor Legarda (Amara, 1992). Aurretik, lasterketa luzeetan eta altuera jauzian ibilia zen, baina horietan «aspertu» egin zela esan dio IRUTXULOKO HITZAri. Atletismoko zazpi probetan jarduten du orain; 60 metroko lasterketa, luzera jauzia, pisu jaurtiketa, altuera jauzia, 60 metroko hesi-lasterketa, pertika jauzia eta 1.000 metroko lasterketa. Ez gehiago, ez gutxiago. Bere hurrengo erronka, ordea, dekatloierako prestatzea da, hau da, hamar probako lehia.
Helburua lortuta itzuli zara Sabadelletik, domina batekin.
Bai, oso pozik nago lortutakoarekin, ez bainuen dominarik espero. Nire lehen helburua, Euskadiko marka hobetzea zen; eta gertu ibili arren, ezin izan dut lortu. Lehen jardunaldian, gaizki aritu nintzen, eta aurkari baten lesioagatik eta beste batzuen akatsengatik, hirugarren postura igo nintzen. Oso pozik nago, marka hausteko aukera gehiago izango baititut, baina dominak ez dira egunero lortzen.
Azal ezazu zein proba egiten dituzuen heptatloian eta zein hurrenkeratan.
Heptatloia zazpi probek osatzen dute. Lehen jardunaldia larunbat goizean izaten da, eta 60 metroko lasterketa, luzera jauzia, pisu jaurtiketa eta altuera jauzia egiten ditugu. Igande goizean, berriz, 60 metroko hesi-lasterketa, pertika jauzia eta 1.000 metroko lasterketa egiten ditugu. Gutxi gora-behera proba guztiak ongi prestatuak eduki beharra dago. Beti egingo duzu bat bestea baino hobeto, baina helburua guztietan erregularra izatea da.
Nola prestatzen duzu proba bakoitza?
Entrenamendu egun bakoitzean, proba bat baino gehiago prestatzen ditut. Bestela, ezinezkoa da denetara iristea, astean bospasei egunetan entrenatzen baitut. Gainera, teknika entrenatzeaz gain, gimnasioan ere aritu beharra dut.
Probaren bat entrenatzeari garrantzia gehiago ematen diozu?
Txikitatik gehien egin dudan proba altuera jauzia da, eta gutxitan entrenatzen dut. Gainontzekoetarako, antzeko entrenatzen dut. Astean behin saiatzen naiz guztiak egiten, eta baten bat errepikatzen dut, hesi-lasterketa esaterako. Gainera, hesietarako entrenatuz gero, lasterketetarako ere prestatzen naiz, abiadura beharrezkoa baita. Iraupen lasterketak, berriz, ez dituzu zehazki prestatzen, gainontzeko probetarako entrenatzen ari zarenean, gorputza ohitu egiten baituzu.
Proba bakoitzeko emaitzen arabera puntuazio jakin bat jasotzen duzue, ezta?
Puntuazio taula batzuk daude, eta lortutako markaren arabera hainbat puntu ematen dizkizute. Gero, proba bakoitzeko zentimetroek edo ehunenekoek puntu jakin batzuen balioa dute. Zazpi probetako puntuen batuketa egiten dute bukaeran.
Zuen markek alde handia dute proba bakarra egiten duten atletekin alderatuz?
Gure markak okerragoak izatea da ohikoena. Nire kasuan, esaterako, luzera jauzian, hesi lasterketan edo altuera jauzian Espainiako txapelketa bateko goi mailara hurbil naiteke; baina pisu jaurtiketan edo 1.000 metroko lasterketan oso maila baxua daukat. Denek ditugu hobeto moldatzen garen probak, baina guztien batuketa da axola duena. Ez da izar handirik egoten gure probetan, atleta osoak izaten gara.
Zein gorpuzkera izaten duzue orokorrean proba konbinatuetan aritzen zaretenek?
Orokorrean erraldoiak izaten dira, eta pisu handikoak. Baina, noski, garrantzitsua da tarteko zerbait topatzea, pisu handiarekin zaila baita korrikalari azkarra izatea. Pista estalirako gakoa, azkarra izatea da. Aire zabalean, berriz, desberdina da, zazpi proba beharrean, hamar egin behar dira, dekatloia. Beraz, pista estalian jaurtiketa proba bakarra dagoen bitartean, aire zabalean hiru jaurtiketa proba daude, pisua, diskoa eta xabalina. Hiru jaurtiketa proba egoteak eragin handia du, lasterkari ona izateak bakarrik ez baitu balio.
Zein dira zure proba gogokoenak?
Luzera eta altuera jauzia, eta hesi- lasterketa dira nire gogokoenak. Pertika ere gogoko dut, baina 1.000 metroko lasterketa gorroto dut, eta pisu jaurtiketan ez naiz txarra.
Nondik datorkizu proba konbinatuetarako zaletasuna?
Hamaika urterekin hasi nintzen atletismoan, nire osabak herri lasterketetan parte hartzen zuelako. Lasterketetan parte hartzen hasi nintzen, baina gerora ikusi nuen ez nintzela ongi moldatzen, eta altuera jauziarekin hasi nintzen. Jubenil mailan, Espainiako bigarrena izan nintzen altuera jauzian, baina, junior mailara iristean, aspertu egin nintzen. Zer egin nezakeen pentsatzen jarri nintzen, eta duela hiru urte konbinatuetan sartu nintzen. Lehen urtean ez nituen emaitza onak lortu, altueran bakarrik aritzetik beste sei proba prestatzera igaro bainintzen. Biarritzen patin gaineko hockeyan, eta golfean ere jokatzen nuen lehen, baina kirol guztien artean aukeratu behar izan nuen.
Anoetako estadio txikian entrenatzen duzu. Badaude bertan heptatloia prestatzen duten atletak?
Duela hiru urte hasi nintzenean, ni nintzen bakarra, eta taldean beroketa egin arren, gero bakarrik geratzen nintzen. Iaztik, ordea, Asierrekin eta Pablorekin entrenatzen dut.
Zein izango da zure hurrengo erronka?
Nire helburua dekatloierako prestatzea da; ea aurten lortzen dudan. Horretarako jaurtiketetan hobetu beharko dut. Martxoa bukaeran promesa mailako lehian parte hartuko dut, eta gero, kluben arteko Ligarako prestatzen hasiko naiz; eta ziur aski, altuera eta luzera jauziak egin beharko ditut. Edonola, eskerrak eman nahi dizkiet nire hiru entrenatzaileei, Ramon Cid, Jon Karla Lizeaga eta Iñaki Romero.