Orkestra-gizonen Orkestrak Tom Waitsen musika joko du Jazzaldian
Orkestra-gizonen Orkestraz (L’Orchestre d’Hommes-Orchestres du jatorrizko izena) Quebec-etik Donostiara etorriko da Jazzaldian. Uztailaren 21ean eta 22an Viktoria Eugenia antzokian izango da. Tom Waitsen musikatik abiatuta musika ikuskizun eta performance harrigarria egiten dute. Tom Waitsen errepertorioa aurkeztuko dute, baina beren modura interpretatua; horretarako beraiek instrumentu xelebre bihurtu dituzten eguneroko ehun bat tresna erabiliko dituzte. Lau orkestra-gizonek elkar trukatzen dituzte instrumentuak eta ahotsak, horrela, harridura eta jarraian zer etorriko den jakiteko gogoa sortuz. Gainera bi gonbidatu dituzte: The New Cackle Sisters ahizpak. Bikotea ezin hobe egokitzen da giro zoro horretara, eta musikari ukitu harrigarriak emateko berdin erabili dezakete ardo botila baten tapoia zein txokolate-tableta bat, edo txanponaz beteriko erretilu bat. Eszenaratzearen plastikotasuna dela-eta, Orkestra-gizonen Orkestraren musika entzuteaz gain ikusi ere egin daitekeela esan genezake. L’Orchestre d’Hommes-Orchestres (LODHO siglekin ere ezaguna) 2001. urtean sortu zen Quebecen, eta hura osatzen duten artistek diziplina anitz menderatzen dituzte (musika, antzerkia, dantza, kaleko artea) inolako diziplinarik ez duten arren. Haien lanak arte garaikidea eta herri-kultura adiskidetzea bilatzen du, eta zeharkakotasunean du oinarria. Musika da erdigunea, multzoa egituratzeko eta hainbat lengoaia artistiko biltzeko pibot estetikoa baita.