Birziklatzearen garrantziaz ohartarazteko, beiratea duen etxea jarri dute Gipuzkoa plazan. Olaiak Aitorri irakasteko saiakerak bertatik igarotzen direnen jakin-mina piztu du.
Oinezkoak etengabe gelditzen dira 'Olaiaren erronka' ikusteko
Joan den ostegunetik igandea arte 30 metro koadrora iristen ez den apartamentua da Aitor Beltran eta Olaia Gil Sanchez aktoreen antzeztokia, 10:00etatik 20:00etara bitartean. Bertatik igarotzen direnek bi gazteek hondakinen banaketaren inguruan dituzten zalantzak nola argitzen dituzten ikusiko dute; eta aldi berean, egunerokotasunean baliagarri izango zaien informazioa jasoko dute. Hori da San Marko Mankomuniteak, Ecovidrioren eta Ecoembaseren laguntzarekin, abian jarri duen
Olaiaren erronka ekimenaren xedea. Hala ere, kuxkuxean ibiltzeko hurbiltzen direnek, gero horiek aurrera eramango dituzten beste kontu bat da.
Goizeko hamarrak baino lehen, Gipuzkoa plazan dagoen etxearen aurrean inor ez dago. Errezel beltza zabalik dago, eta ezin da barrukoa ikusi. Atearen eskutokian botila bat duen poltsa zintzilik dago. Oinezkoak aurrera eta atzera dabiltza, baina ez diote gehiegi erreparatzen egiturari. Ordu laurden geroago, ordea, egoera guztiz bestelakoa da. Euri tanta ahulek ere ez dute galarazten jendea beirate aurrean gelditzea. Herritarren begi-bistan bi gazte gosaltzen ari dira; eta bozgorailuetatik euren solasaldia entzuten da. Nola ez, birziklatzearen inguruan ari dira. Egongelako altzarietako batean, bihotz itxurako paper itsaskorretan “birziklatzea erraza da” irakur daiteke, eta hondakinak biltzeko edukiontziei, zertarako diren zehazten duen afixaz gain, begiak eta ahoa ere jarri dizkiete maizterrek.
Oinezkoen jakin-mina ezinbestean pizten dute, eta begiratu gabe igarotzen denik ez da. Batzuek begiratu azkarra besterik ez dute egiten; beste batzuek, berriz, aurretik igaro artean gertatzen den guztiari erreparatzen diote; gainontzekoek, aldiz, gelditzea erabakitzen dute. Hauen artean ere, denetarik dago: urruti jartzen direnak, ikusiak izan nahiko ez balute bezala; edo San Marko Mankomunitateak etxe aurrean utzitako eskuorriak hartzeko aitzakian-edo beiratera hurbiltzen direnak. Kristaletik gertu dagoen gizon batek, zehaztasun txikiena galtzeko beldurrez balego bezala, ondoan gelditu den bikoteari esan dio barre artean “Anai Handia bezala da. Dena ikus dezakezu” .
Barrutik egoera xelebrea da. Aitor eta Olaia “uste baino erosoago” daude. Etxean bezala, kafetxoa hartu, solasalditxoa egin, film bat ikusi, etxeko egitekoez arduratu… behar dute. Horiez gain, bisitak ere izaten dituzte, birziklapenari buruzko galderak egiteko edo bizipenak azaltzeko.
Kanpokoek diotena ez da ia entzuten. Barrukoen arreta bereganatzeko gizon batek kristala jo duen arte. “Esaten duzuen guztia entzuten da”, esan du ikusleak. Barrutik, Aitorrek “hori da ideia” erantzun, eta hondakinen banaketarekin duen borrokan jarraitu du.
Aitor – Birziklapen kontuetan hasiberria
«Ez nekien zenbat edukiontzi ziren, ezta zein koloretakoak ere»
Aitor donostiarrak ia astebete darama Gipuzkoa plazako etxean sartuta. Horren aurretik, hondakinak bereizteko ez ohiturarik ezta interesik ere ez zuen.Olaiaondoan izan duen egunotan zer edo zer ikasi duela dirudi. Aitorrekin hitz egin du IRUTXULOKO HITZAk, ez aktorearekin, maizterrarekin, baizik.
Etxean sartu arte ez duzu inoiz birziklatu…
Ez, ez.
Utzikeriagatik, ezjakintasunagatik…
Bien arteko nahasketagatik. Ez da kontra nengoela, ez zen printzipio bat. Baina nire etxe azpian ez dago edukiontzirik, harraska azpian ez zaizkit ontzi guzti horiek sartzen… Azken finean, utzikeriagatik.
Egunotan zerbait ikasi duzu?
Asko. Kontu guzti hau guztiz ezezaguna zitzaidan. Ez nekien ez zenbat edukiontzi ziren ezta zein koloretakoak ere.
Altzari batetik zintzilik “birziklatzea erraza da” dioen eskulana duzue. Hala al da?
Olaiak jarri zuen. Erraza da, baina batzutan ez horrenbeste, zalantzak sortzen direlako. Ez niri. Jendea etortzen zaigu zalantza askorekin. Esaterako, plastikozko gauzak botatzen dituzte edukiontzi horira, baina plastikozkoak izateaz gain, ontziak izan behar dira…
Olaia duzu irakasle nagusia, baina etxera etorri zaizkizuen gonbidatuengandik ere ikasiko zenuen, ezta?
Lehen egunean Andoni Luis Aduriz sukaldaria etorri zen. Birziklatze kontuetan oso tipo jantzia da; bere kabuz egiten duenaz gain, bere jatetxeak ere izugarrizko konpromisoa du. Konposta banatzen dute inguruko baserrietan… [Olaiak zuzenketa egin du: “Hondakin organikoak uzten dizkiete konposta edo txerri jan bezala erabiltzeko”]. Ikusi duzu ez dizudala ondo azaldu. Konposta eta oraindik menderatzen ez ditudan beste hitz batzuk daude…
Jendeak bere galderak luzatzen al dizkizue?
Bai, parte hartzen du. Debateren bat izan da. Gaur, esaterako, iristean ateko eskutokian Salfuman bote bat genuen. Ohar bat utzi digu esanez berarekin zer egin ez dakiela, plastikoa izan arren toxikoa delako; eta faborez blogean erantzuteko.Erantzungo diogu. Olaiak erantzungo dio.
Galderei erantzuteko gai al zara?
Ni mundu honetan graduatzen ari naiz, titulua ateratzen; hemen irakaslea Olaia da. Hala ere, kalera irtetean egiten dizkidaten galdera batzuk erantzuteko gai naiz, badakizkit; baina beste batzuk oraindik ez. Batzuetan eztabaidak ditugu, ados ez nagoelako. Hau zergatik egin behar dugun, zergatik nik, beste norbaitek egin dezala, ni presaka nabil…
Hortxe duzu galdera, zergatik birziklatu behar da?
[Olaia: “Aitor ikasitakoa esan, mesedez”] Olaiak esaten duenez, bere aburuz, birziklatu egin behar da. Atzo –herenegun– ingurumen hezitzaile bat etorri zen eta berak era positiboan azaldu zuen. Birziklatuz gero lehengai asko berrerabil ditzakegu. Aluminio paperak, adibidez, harrapatu ninduen. [Olaiari materialaren izena galdetzen dio] Bauxitaren bidez aluminio papera lortzen da, eta hori mendietako harrobietatik atera behar da. Errazagoa da papera berrerabiltzea. Positiboki esanez, gauzak lortzen direlako.
Ekimenak herritarrek kontzientzia hartzeko balioko duela uste duzu?
Hori uste dugu. Atzo–herenegun– beste emakume bat etorri zen arropa zaharrarekin zer egin ez zekiela. Kafea hartzera gonbidatu eta hizketan aritu ginen. Nik ez nekien zer egin horrekin. Olaia erosketa egiten ari zen, eta konpromisoa zen niretzat. Telefonoz deitu nion, eta Old Berriko kuboetara, zuriak direnak, eramateko esan zidan; eta andrea harantz joan zen. Ondo sentitu nintzen.
Edukiontziak bereizten al dituzu orain?
Begiak, ahoa jarri dizkiogu tentagarriago egiteko, eta bideoklipa ere egin genuen.
Hilabete barru, atez atekorako prest egongo zara…
Horretan ere ikasi beharko nuke. Nahikoa dut hemen gertatzen denarekin, bestea ez dut ukitu ere egin.