Donostia Europako kultur hiriburu izendatu dutela lau haizetara zabaldu nahi dute
Marrazki eta esloganak biltzeko tailerrak antolatuko dituzte martxoaren 27, 28, 29 eta 30ean San Telmon
Maiatza hilabete berezia izango da Donostia 2016 Europako kultur hiriburutzarentzat. Maiatzaren 10 ala 11n Europako Kultur ministroak elkartuko dira Bruselan eta ofizialki izendatuko dute Donostia 2016ko Europako kultur hiriburu, Poloniako Wroclaw hiriarekin batera. «Europako kultur hiriburu garela» lau haizetara zabaltzeko Abiapuntuak izeneko kanpaina jarri dute abian. «Hautagai izateari utzi eta hiriburu bezala fase berri bat jarriko dugulako abian», azaldu du Eva Salaberria Donostia 2016 Bulegoaren koordinatzaile eta kudeatzaileak.
Donostia 2016 beste fase batean murgildu dela herritar guztiak ohar daitezen, orain arte kale eta ekipamenduetan jarri dituzten kartel eta esloganak aldatuko dituzte. Aldaketa horretarako, bada, orain arte jarraitutako irizpideei eutsiko diete. Alegia, herritarren parte hartzea sustatutako dute kanpainarentzako ideia eta irudirik ikusgarri eta erakargarrienak lortzeko.
«Prozesua bera ezinbestekoa» izango dela eta kanpaina horren bidez hirian dagoen «aniztasuna» islatzea izango dutela helburu jakinarazi du Eva Salaberria kudeatzaileak.
Egungo afixak berritzen lagundu nahi duten herritarrentzat tailer berezi bat antolatuko dute San Telmo museoko laborategian, martxoaren 27an, 28an, 29an eta 30ean. Herritar bakoitzak lau tailerretako batean parte hartu beharko du. Hala, parte hartzaileei helaraziko zaizkien galderei erantzunez marrazkiak egingo dituzte paper batean. Marrazki eta ideia guztiekin mosaiko bat osatuko dute eta komunikazio euskarrietan erabiliko dute. Ahalik eta irudi eta ideia gehien biltzeko, gutxienez, ehun herritarren laguntza beharko dutela jakinarazi dute. Parte hartzeko gogoz daudenek, beraz, Abiapuntuak.eu webgunean izen eman behar dute.
Sare sozialen bitartez, alegia, Facebook eta Twitter bidez, jendearen mezu eta iruzkinak jasoko dituzte, halaber.