Anartz Zuazua: "Gurasoak umeak bezala egoten dira, begiak zabal-zabalik dituztela"
Anartz Zuazua, Asier Sota eta Julen Vega aktore donostiarrek ‘Ali baba eta 40 lapurrak’ antzeztuko dute dFerian
dFeria: Haur Antzezlana
Bere antzerki taldea sortu nahi zuen aspalditik, eta aukera izan duen bezain laster, Borobil Teatroa sortu du Anartz Zuazuak (Gros, 1973). «Krisi garaian egonda ere, aukera izan dut. Garbi nuen ezin nuela diru laguntzarik eskatu, epez kanpo nenbilelako. Gainera, ezin nuen eskubideak ordaindu beharko nituzkeen ikuskizun handi batekin hasi. Beraz, autorea ezezaguna izanik, klasiko batera jo nuen, Ali Baba eta 40 lapurrak», adierazi dio aktore eta zuzendariak IRUTXULOKO HITZAri. Atzo hasi zen dFeria jaialdian izango da ikuskizuna; abiapuntua, Pertsiako egur biltzaile behartsuaren istorio ezaguna izango du, baina oso era berezian kontatuko dute. «Betidanik gogoko izan dudan istorioa da, eta pertsonaia asko dituenez, aukera asko ematen ditu», gehitu du Zuazuak.
Hiru aktore, 20 pertsonaia
Ohotza gainean hiru aktore baino ez dira egongo, Anartz Zuazua bera, Asier Sota eta Julen Vega; hiruak donostiarrak. «Ez dugu eszenografiarik erabiltzen, bost alfonbra soilik. Hiru aktore izango gara 55 minutuz taula gainean, istorio hori kontatzen. Ez dugu beste objekturik erabiliko, guk egiten dugu dena». Zehazki, hiru aktoreen artean, 20 pertsonaia inguru antzeztuko dituzte, eta pertsonaia batetik bestera oso azkar igaroko direnez, darwish jantzia erabiltzen dute uneoro. «Darwishez jantzita goaz, nik behar nuelako jantzi bat bai gizonezkoarena bai emakumezkoarena egiteko balioko zidana. Geldirik zaudenean tunika bat ematen du, baina asko mugitzean, emakumearen itxura hartzen dugu, gonak asko zabaltzen direlako», azaldu du Zuazuak.
Antzezlanaren berezitasunak azaltzean, Zuazuak argi utzi du hiru aktoreak mugimenduan daudela denbora guztian. «Erritmo biziko istorioa da; ez dago haria galtzeko momenturik, lehen minututik ikusleak gurekin baitaude». Orain arteko emanaldietan, gurasoen ahoetatik jaso duten iritzia ere oso ona izan dela aipatu du Groseko aktoreak. «Esan izan digute ez dela batere ohikoa haurrentzako ikuskizun baterako hainbesteko lana hartzea. Egia esan, gurasoak umeak bezala egoten dira, begiak zabal-zabalik dituztela; oso pozgarria da hori. Azpimarratuko nuke, umeek oso ongi pasatzen dutela, eta gurasoek hobeto». Gainera, Zuazuak azaldu nahi izan du, gaur eskainiko duten obra, aurrerantzean eskainiko dutena bezalakoa izango dela; «argi oso polita izango dugu, Carlos Salaberri da argi teknikaria eta disenatzailea, eta badirudi airean goazela lortu duen efektuari esker. Oso kuriosoa da».
Oholtza gainean izango den aktore bakoitzak nahiko ibilbide desberdina izan du orain arte. Anartz Zuazua izango da ikusleentzat ezagunena, ETBko hainbat telesail eta saiotan azaldu izan baita. Antzerkian egin duen ibilbidea, ordea, ezazagunagoa izan daiteke. «Antzerkian bereziki zuzentzen aritu naiz, Gorringo, Txalo edo Txintxetak taldeekin. Baina antzerkia ikasi nuen eta Zurriola Antzerki Eskolan esperientzia asko hartu nuen zuzendari bezala». Julen Vega, berriz, 27 urteko Groseko gaztea da, baina ausarta; Zuazuaren ikaslea izan zen Zurriola Antzerki Eskolan. «Txalorentzat Natacha ikuskizuna zuzendu nuenean, pertsonaietako bat txakur bat zen. Juleni deitu nion txakurrarena egiteko, baina ez zitzaion aurpegia ikusten, maskara batekin antzezten baitzuen. Beraz, zin egin nion, beste zerbait egiten banuen, eta ahal bazuen, deituko nioela. Nire aldetik apostu ausarta izan da, eta esperto dut Julenek gauza gehiago egitea, talentu handiko gaztea baita». Asier Sota da antzezlaneko aktore hirukotea osatzen duena. «Bera ere nirekin ibili zen Zurriola Antzerki Eskolan. Poliki-poliki ezaguna egiten hasiko dela iruditzen zait, asko balio baitu. Gainera, asko lagundu dit muntaian».
Ikuskizunaren gaztelerazko bertsioaren estreainaldia izango da gaurkoa, hala, Espainiara jauzia eman nahi baitute antzezlanarekin. «Ez nuen uste dFeriarako hartuko gintuztenik, haurrentzako ikuskizuna baita». Edonola, beste hainbat ikuskizun egingo dituzte, inguruko herrietan, euskaraz: Zumaia (martxoak 18), Astigarraga (martxoak 25), Zarautz (martxoak 31). «Saio gehiago ateratzea espero dut».
- Izenburua. Ali Baba eta 40 lapurrak.
- Noiz. Gaur, 10:00etan.
- Non. Antiguako Lugaritz kultur etxean.
- Norentzat. Bost urtetik gorako haurrentzat.
- Aktoreak. Anartz Zuazua, Asier Sota eta Julen Vega.
- Hizkuntza. Gaztelera (Euskarazko emanaldiak egingo dituzte inguruko beste herri batzuetan).
- 10:00. Ali Baba eta 40 lapurrak, Lugaritzen.
- 11:30. Privolva, Intxaurrondo kultur etxean.
- 13:00. Tempus, -I, Gazteszenan.
- 18:00. Agosto, cuadrados de amor y humor fresco, Antzoki Zaharrean.
- 20:00. Contra el viento del norte, Viktoria Eugenian.
- 23:00. Animal party, Viktoria Eugeniako Club aretoan.