60 lagun baino gehiago batu zituen Euskal Herrian Euskaraz-ek, larunbatean, Trinitate plazan. Euskal Herrian Euskaraz
Euskal Herrian Euskaraz elkartearen larunbateko ekimena babes zabala eta askotarikoa eskuratzen ari da.
Euskaraz Bizi Eguna egingo dute larunbatean Donostian. Astebete lehenago, ordea, hainbat lagunek babesa eman diote ekimenari, egitarauaren zati handienaren gune izango den Trinitate plazan. Euskal Herrian Euskaraz (EHE) herri mugimenduko ordezkariekin batera, egitasmoa prestatzen aritu diren 60 lagun baino gehiago batu ziren, bertan, larunbatean. Hala nola, Bagera, Batzen, AEK, Bizarrain Elkartea, Arrano Elkartea, Parte Zaharreko auzo elkartea, Kantu Jira, Herridantza dantza taldea, Egiako euskara batzordea, Trikizikloa, Intxaurrondoko hanka-paloak, Piratak, Parte Zaharreko, Intxaurrondoko, Groseko, Amarako, Antiguako, Añorgako, Amara Berriko, Egiako eta Altzako gazte asanbladak, udaleko Euskara ordezkari Nerea Txapartegi nahiz Unai eta Beñat Gaztelumendi bertsolariek egin zuten datorren larunbatean ekimenean parte hartzeko gonbitea.
Bertaratu ezin izan ziren eragileak ere gogoan izan zituzten. Besteak beste, IRUTXULOKO HITZA,
Gaztezulo aldizkaria,
Hamaika Telebista, Patxaranga, Betagarri, Skakeitan, 3gabe2, Bonberenea txaranga edota Porrotx pailazoa. Hauen guztien laguntzari esker, “Donostia, martxoaren 17an, euskaraz bizi nahi duen herriaren erakusleihoa” izango dela adierazi zuen EHEko kide Igone Lamarainek. Parte Zaharreko plazan elkartutako lagunek babestuta, euskaraz bizi nahi duten herritarrei asteburuko jaian eta nazio manifestazioan parte hartzeko deia ere egin zieten antolatzaileek.
Babesa eta prestutasuna
Jai giroa eta aldarrikapena uztartzen dituen egitaraua hirugarren aldiz antolatu dute; eta “euskaraz bizitzearen aldeko hautua indartzeko mugarria” izatea nahi dute. Egitarau zabalean, nola ez,
Euskalduna naiz eta harro nago! lelopean Bulebarretik 18:30etan irtengo den manifestazioa nabarmendu zuen EHEko kideak. “Datorren larunbatean euskaldunok sasi artetik jauzia egin eta euskaldun izateaz harro gaudela erakusteko eguna izango da”. Hau da, euskaraz bizitzearen aldeko hautua zabaldu eta indartzeaz gain, herri euskaldunaren eta euskararen alde egiteko prestutasuna erakusteko eguna dela gogorarazi zuen Lamarainek. Otsailaren 28an abian jarri zuten atxikimendu kanpaina, eta honen bidez, 2.000 sinaduratik gora lortu dituzte. Kopuru hori kalean biderkatu nahi dute, baina, oraindik ere, manifestuari babesa emateko aukera badago
Euskalherrianeuskaraz.org webgunearen bidez.
Egin beharreko bidea luzea izanik, eguneroko hizkuntza praktikan burujabe jokatzea ezinbestekotzat jo zuen EHEko kideak. Norbanakotik hasita lehentasuna eman behar zaio euskarari, “bakoitzak bere horretan, eta auzolanean. Guztiek batera bideak egin eta aldaketa eragin ditzakegu”. Hala ere, hori ez da nahikoa eta “bertatik bertara erabakitako Hizkuntza Politika burujabea” ere behar dela uste dute antolatzaileek.
Hizkuntza jokabideen tailerra egingo dute San Telmo Museoan
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteak antolatuta, hizkuntza jokabideen tailerra egingo dute larunbatean, San Telmo Museoan. EMUN lana euskalduntzeko kooperatibak gidatuko du tailerra, eta TELP ikastaroen oinarri bera izango du. Hau da, hainbat egoeratan euskaraz aritzeak eragiten duen deserosotasuna aritzen ikasi, eta gehiago erabiltzeko aukerak nahiz bideak aztertuko dituzte. Era berean, hizkuntza gatazkei naturaltasunez aurre egiteko baliabideak landuko dituzte partaideek. Saioa, 10:30ean hasi eta 12:30ak arte luzatuko da. Parte hartu nahi dutenek
bagera@bagera.net posta elektronikora idatzi edo 943-467181 telefono zenbakira deitu behar dute izena emateko.