'Lasaitasuna helburu'
Jon Odriozola, Kazetaria
Aste urduri samar baten ostean –zale bat baino gehiago berotu zen San Mameseko partidaren kontura– beste jardunaldi garrantzitsu bat Anoetan. Mañoen aurka irabaziz gero, poza. Pott eginez gero, urduritasuna eta ezinegona. Lehena garaile. Bai arrasti gozoa!
Larunbatekoa nahikoa garaipen erraza izan zen, Zaragoza lur jota baitago. «Ez dut gogoratzen hain garaipen lasairik», zioen ohiko zale batek. Beraz, 33 puntu. «Honek arrisku bat dauka», adierazi zuen beste zale batek. «Garaipenekin realzaleen ametsak are gehiago puzten dira. Hau da, bat baino gehiago, helburu nagusia –mailari eustea– erdietsi aurretik, haratago pentsatzen hasten dira. Infernuko zuloa bederatzi puntura du Realak. Astelehenean, Getafek Vila-real mendean hartu zuen, eta horiak esnatu ezean, gorriak eta bi ikusiko dituzte.
Realak Mediterraneo aldeko taldea sei puntutara du; oraindik Anoetan jokatu behar dute nor baino nor. Han, bana egin zuten.
Hamahiru partida Liga amaitzeko. Egin dezagun atzera. Hona Realaren ibilbidea, azken unean irabazitako Malagaren partida erreferentziatzat hartuta. Hiru berdinketa (Villa-real, Racing eta Osasuna), eta harrez gero, garaipena-porrota dinamika. Valentziaren, Sportingen, Sevillaren, Mallorcaren eta Zaragozaren aurka garaile, eta At. Madrilen, Bartzelonaren, Granadaren eta Athleticen aurka, galtzaile.
Ondorengo lau partidetan Madrilgo taldeak izango dituzte txuri-urdinek arerio batik bat. Larunbatean Getafera bisita. Realak baino puntu bat gutxiago du, eta biak ala biak sailkapenean gorantz aldeko bidea hartu nahian dabiltza azken aldian.
Garaipen-porrot dinamikarekin hausteko ez da plaza erraza, baina Coliseum Alfonso Perez zelaian ez galtzea, handia litzateke. Ondoren, Realak Levante hartuko du etxean. Gero, berriz ere Madrilera bidaia: Real Madril. Eta astebete geroago, Rayoren bisita.
Entrenatzaileak hasierako diskurtsoari eusten dio; 45 puntu lehenbailehen lortzea. Eta, ondorioz, lasaitasuna. Zer ote da hori? «Puntu horiek lortzean, ziur antzemango duzula», esan dit nire psikologoak. Nire bihotzak, besteak beste, eskertuko du.