Mila Beldarrain: “Sekulako gozamena izan da idaztea”

‘Bajo el cerezo’ eleberria kaleratu berri du Erdialdeko idazleak, Alberdania argitaletxearekin

Mila Beldarrainek Bajo el cerezo liburua aurkeztu du. (Argazkia: Estitxu Zabala)

Alberdania argitaletxearen eskutik, Bajo el cerezo izeneko bere hamargarren liburua kaleratu du Mila Beldarrainek (Erdialdea, 1951). Bidebietako eta Amarako Usandizaga institutuetan hainbat urtez irakaslea izan ostean, erretiroa hartu zuen, eta arratsaldero idazten du, «inspirazioa iritsi edo ez iritsi». Beldarrainek nobela historikoak idatzi ditu bereziki orain arte; lan berriak, ordea, historia gutxiago duela dio. «Nire nobela guztien artean, historia kutsu gutxien duena da», adierazi du idazleak aurkezpenean. Edonola ere, aurkezpenean azaldutakoaren arabera, historiatik izan badu.

Maddi da Bajo el Cerezo eleberriko pertsonaia nagusia. Emakume indartsua eta polita dela uste du Maddik, eta bizitza perfektua duela. baina momentu batean dena hankaz gora jarriko zaio. Hala, bere familiak Baliarrainen duen etxera joango da, eta bertan, bere familiako arbasoek idatzitako hainbat eskuizkribu aurkituko ditu. Idatzi guztiak emakumeenak izango dira: Eufemia de Idiakez, Xarmanta la coja, Maria Idiakez… beraien bidez, Maddik bere bizitzarekin zer egingo duen erabaki beharko du. «Maddik eskuizkribuetan irakurriko duenarekin, gogoeta prozesu sakon bati ekingo dio». Azken batean, Maddik beldurrik gabe irakurtzen duela dio Beldarrainek, dagoeneko iraganaren zati baitira istorioa horiek. «Nik beti esaten dut, guztiok gure buruaren aurka borrokatzen dugula, eta ez beste inorren aurka; horretarako oso garrantzitsua da nor garen jakitea. Gainera, gure inguruak ez du sekula gu garen hori izatea oztopatu behar», gehitu du idazleak. Liburuaren aurkezpenean aurreratu zutenez, eleberriaren hasieratik bukaerara misterioa mantentzea lortu du Beldarrainek.

Azken batean, emakume batek emakumeen inguruan idatzitako istorioa da Beldarrainena. Hala ere, ez du batere gogoko bere lanari etiketak jartzea. «Elkarrizketa batean ea feminista nintzen galdetu zidaten, eta nik ezetz erantzun nuen. Gizonak maitemindu egiten dira, eta emakumeok oso gauza itsusiak egin izan ditugu; ez dut uste emakumeentzako edo gizonentzako bereziki egindako literaturarik dagoenik». Argitze aldera, bere lanak izan dezakeen protesta kutsua, emakumea izateak dakarrena dela dio. «Nire azaletik idazten dut, eta nire inguruak nire idazkeran eragina izatea oso ohikoa da».

Historiako hainbat gertakizun
Bere arbasoen eskuizbribuak irakurriz, istoriako hainbat gertakizunetan barrena bidaiatuko du Maddik: I. Gerra Karlista, 1960 inguruko Donostia, 1936 Gerraren hasiera… gertakizun horien berri zehatza izateko, ongi dokumentatu behar izan du Beldarrainek. 1960ko Donostia ezagutzeko, esaterako, Miguel Urteagaren liburu bat erabili du. «Gutxitan izan arren, gillotina erabili zutela jakin dut. Gerra Carlistaren garaian, berriz, emakume asko gizonez mozorrotzen ziren, diru saria jasotzeko». Luis Martin Santosen biografia ere irakurri du Beldarrainek. Kontuak kontu, historia inguruneetatik gaindiko guztia fikzioa dela azpimarratu du idazleak.

Idazkerari dagokionean, liburu irakurterraza dela dio Beldarrainek. «Sekulako gozamena izan da idaztea; eta gertuko hizkera erabiltzen saiatu naiz». Bestetik, bere harakinari ere keinu bat egin nahi izan dio idazleak.

Maddik irakurriko duen azken eskuizkribua, hau da, historian gertukoena, bere amarena izango da, eta ondoren, egungo garaira jauzia emango du istorioak. Beldarrainek oso argi du bere lana ez dela guztiz bukatua egongo jendeak irakurtzen duen arte. «Nire bizipenak irakurlearen bizipenekin nahastean bukatuko da nobela; eta irakurle bakoitzak bere irakurketa berezia izango du».

Argitalpena

  • Izenburua. Bajo el cerezo eleberria.
  • Egilea. Mila Beldarrain (Erdialdea, 1951).
  • Argitaletxea. Alberdania.
  • Orrialde kopurua. 237.
Ez dago iruzkinik

Egin iruzkin bat

*

*

Send this to friend