Hiru musika proiektu esperimental aurkeztuko ditu Jazzaldiak
San Telmo museoko elizan, Euskal Herriko eta atzerriko musikariak elkarrekin ariko dira zuzenean
Jazzaldiaren barnean, San Telmoko Gauak ekimena beteko dute hiru kontzertuk: Hyperpotamus eta Aymeric Hainaux, Oreka TX eta Hakon Kornstad, eta Gonzalo Tejada eta Olivier Ker Ourio. Halaxe jakinarazi zuten antolatzaileek atzo goizean. Uztailaren 21ean, 22an eta 23an izango dira emanaldiak, San Telmo Museoko elizan. Kontzertuek hainbat berezitasun izango dituzte: batetik, musikari euskal herritar baten eta atzerriko baten arteko elkarlanak izango dira guztiak. Bestetik, esparruaren akustika berezia baliatuko dute. Azkenik, jaialdirako bakarrik sortu diren proiektu esperimentalak izango dira.
Uztailaren 21ean, Hyperpotamus eta Aymeric Hainaux abeslari frantsesaren emanaldia izango da. Ahotsa beste instrumenturik ez dute erabiliko. Hainauxek arreta handiagoa jartzen dio soinuaren koloreari; keinuetan eta gorputz-mugimenduan oinarritzen da. Hyperpotamusek, berriz, doinuaari ematen dio garrantzia, baita egitura harmonikoari, besteak beste. Elizaren akustika berezia dela-eta, egoerara egokitzeko eta gunea eskuratzeko ahalegina egin beharko dute.
Oreka TX eta Hakon Kornstad saxofoi-jotzaile norvegiarra uztailaren 22an izango dira zuzenean. Oreka TX taldea aski ezaguna da Euskal Herrian eta txalaparta du oinarritzat. Kornstad, bai saxoa jotzeko duen trebeziagatik bai bere adimen emozionalagatik, baita Norvegiakoa bezain egoera musikal sortzailean lehenengo lerroan kokatzea lortzegatik ere goratu izan du kritikak.
Gonzalo Tejada donostiarra
Gonzalo Tejada eta Olivier Ker Ourio harmonika-jotzaile frantsesaren txanda uztailaren 23an izango da. Gonzalo Tejada donostiar kontrabaxu-jotzaileak eskarmentu handia du; eta Jazzaldirako proiektu berezietan aritu da behin baino gehiagotan. Olivier Ker Ouriori dagokionez, Europako eta munduko harmonika-jotzaile hoberenetakotzat jotzen dute. Biek jo izan dute laukote moduan, eta orain, baxuarekin eta harmonikarekin duo bat egiteko erronkari egingo diote aurre.