Surfrider Fundazioak itsasbazterrak zaintzeko mugiarazi nahi ditu herritarrak
Hilaren 22etik 25era Surfrider Fundazioak hondartza garbiketak egingo ditu munduko hainbat herrialdetan, baita Euskal Herrian ere. Iaz 1.400 garbiketa ekintza egin zituzten, 50.000 lagun baino gehiagok. Donostian, hurrengo osteguna eta ostirala txikien egunak izango dira. 200 eskola umek garbiketa lanak egingo dituzte hiriko 3 hondartzetan. Asteburuan berriz, helduek hartuko dute lekukoa.
Itsasbazterrak garbitzeko ekimenetan parte hartzeko deialdia egiteaz gain, ahal den neurrian eguneroko bizitzan plastikorik ez erosteko eskatu du Surfrider Fundazioak. Izan ere, erabiltzen dugun plastikoaren ia %5 itsasoan amaitzen omen da. Plastikoa ez da biodegradablea, eta zati txikietan apurtzen da “plastiko zopa” osatuz. Jada, hainbat lekutan, arrainek elikatzeko beharrezkoa duten planktona baino ugariagoa da plastikoa.