Pozteko egun parte hartzailea
EHE-k Euskal Herri osoko euskaldunak gonbidatu zituen 2012ko Euskaraz Bizi Eguna Donostian igaro zezaten. Elkarteko kide Izarne Zelaiak esan duenez, erantzun zabala izan zuten eguneko ekitaldi gehienek. «Parte Zaharrean nabari zen ez zela edozein egun, giro berezia zegoen».
Kantu-jirak, haurrentzako puzgarriek, Parte Zaharreko kaletan barrena ibilitako musikariek… denek jarri zuten zerbait eguna arrakastatsua izan zedin. Zelaiak ahalegin hori eskertu nahi izan du EHEren izenean. «Gure esker ona eman nahi diegu, beraien borondatez egindako lana izan delako». Era berean, Donostiako Euskaraz Bizi Egunaren harira egindako lanak etorkizunerako balioa izango duela uste du antolatzaileak. Bakarrizketa saioa jende askok ikusi zuen. «Tresna polita sortu da horrekin; oso umore gutxi egiten da euskaraz eta aurrerago erabili ahal izango da».
Deialdiaren arrakastak lanean jarraitzeko indarra eman die EHE-ko kideei. «Honekin ikusi dugu helburua ez dela gurea bakarrik». Eguneko unerik inportanteenetako bat izan zen Euskalduna naiz eta harro nago lelopeko manifestazioa. Zelaiak Donostiako auzoetako gazte asanbladen ekarpena gogorarazi nahi izan du. «Talde bakoitzak bere kolorea eman zion mobilizazioari, berriro, oso parte hartzailea eta koloretsua eginez».
Bagera Donostiako Euskaltzaleen Elkarteko lehendakari Dani Goñik eta EHE-ren ordezkari Igone Lamarainek gogora ekarri zuten urtarrilean zendu zen Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi. Era berean, Lamarainek azaldu zuen, euskaraz bizitzeko gogoa grina bihurtzeko unea dela, eta «euskaraz bizitzeko hautua egin behar» dela.
Manifestazioak eta ondorengo ekitaldiak ez zioten bukaera eman Euskaraz Bizi Egunari, izan ere, 21:00etan hasi zen kontzertuak itxi baitzuen ekitaldien zerrenda. Skakeitan, 3gabe2 eta Betagarri taldeen emanaldiak ere jende ugari bildu zuen Trinitate plazan. Egunaren bukaeran ere parte hartze handia, beraz.