Odon Elorza: «Galdutakoa berreskuratzeko aukera egongo da»
Illunbeko auzia dela-eta, Juan Karlos Izagirrek aurreko astean egindako adierazpenei erantzun die alkate ohiak
Illunbe aisialdi guneko auzian orain arte «zintzotasunez» ez dela aritu uste badu, «ikerketa batzorde bat abian jartzeko» eskatu dio Odon Elorza PSE-EEko alkate ohiak egungo alkateari, Bilduko Juan Karlos Izagirreri. «Pozoitutako herentzia» baino, aurreko astean PSE-EEk egindako kudeaketaren kontra egin zuen alkateak «sekulako ondarea» jaso duela erantzun dio Elorzak Izagirreri. «Krisia baretzen denean, pazientzia eta zuzen jokatuz, lehiaketa berri bat abian jarri eta galdutakoa berreskuratzeko aukera egongo da», jakinarazi du PSE-EEko ordezkariak.
Urteotan emandako pauso guztiak argi eta garbi azaltzeko inongo eragozpenik ez duela argitu du Elorzak. Erantzukizuna, ordea, berea eta PSE-EErena baino, «kolektiboa» dela esan du alkate ohiak. Hala nola, Illunbe eraikitzeko 1997an gauzatu zen hirigintza hitzarmena sozialisten botoez gain, «PP, EAJ eta EAren botoekin» egin zuela aurrera esan du. Illunbe udalaren esku utzi eta 21 milioi euroko kalte ordaina emateko akordioa 2009ko apirilaren 28ko osoko bilkuran, «PSE-EE, Aralar, Alternatiba eta PPren botoekin», onartu zela gogoratu du, halaber.
«Bestelako eredu bat»
Donostiako ezker abertzaleak, aldiz, udalaren kontrako epaiaren kaltetu bakarrak «Odon Elorza eta PSE-EE» izan beharko liratekeela salatu du. Ez dute uste alkate ohiak eta alderdiak «beren erantzukizun politikoa onartu dutenik». Hori gutxi balitz, bankuek krisiaren aurrean izan duten jokabide bera izan dutela salatu dute: «Zulo ekonomikoa haien mesedetan sortu dute eta ondoren herritarrei ordainarazi diete». Hori dela eta, politika egiteko «bestelako eredu bat» aldarrikatu dute.
«Gardentasuna, zintzotasuna eta parte hartzea» izan behar dutela ardatz nabarmendu dute. «Amaitu dira erakundeak norbere eta laguntxoen mesedetan erabiltzeko garaiak», erantsi dute.
Elorzak, hain justu, «zintzotasun osoz» aritu dela azpimarratu du. Urtetako korapiloa askatzeko, uneoro udaletxeko zerbitzu juridikoen irizpideak jarraitu dituztela aditzera eman du. Itxura guztien arabera, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak argitaratutako epaia udalaren aldekoa izatea espero zutela adierazi du Elorzak, lehenengo instantzian, Donostiako epaitegiek kaleratutako epaia udalaren aldekoa izan zelako.
Izagirrek, honenbestez, nahiz eta epaia irmoa izan, Espainiako Auzitegi Konstituzionalarengana jo beharko lukeela iradoki du Elorzak. «Bilduk beti egiten du kaleratzen diren epai guztien kontra, oraingoan, ez, ordea”, dio.