Gaur grabatuko dute azken 'Sautrela', Ramon Saizarbitoriarekin
Apirilaren 15ean emitituko dute azken saioa
Literaturari euskaraz eskainitako telebista saio bakarra desagertu egingo da hurrengo apirilaren 15ean. Duela 13 urte hasi ziren Hasier Etxeberriak zuzendu eta aurkeztutako programa emititzen ETB1en, eta 351. atalean desagertuko da. Orio Produkzioak ekoizpen etxeak egin du urteotan euskarazko literatur saio hori. Hainbat lagun aritu dira gidoilari lanetan urteotan; besteak beste, Kirmen Uribe, Eider Rodriguez eta Jon Benito. Denboraldi honetan Lander Garro dabil gidoilari. Dozenaka idazle elkarrizketatu ditu urteotan Etxeberriak Sautrela-n. Horrez gain, idazleek irakurketa hautatuak egin izan dituzte programarako.
Urtarrilean hasi zuen azken denboraldia literatur saioak, Jose Luis Alvarez Enparantza Txillardegi zenari eskainitako atal batekin. Azken atalean, berriz, Ramon Saizarbitoria idazle donostiarra izango da, hurrengo apirilaren 15ean.