Francisco Escuderoren omenez
Hainbat jarduera egingo dituzte musikagile donostiarra jaio zela ehun urte beteko direla aitzaki hartuta
Francisco Escuderoren omenezko ekitaldiak Donostian
Kontzertuak:
Francisco Escudero musikagile donostiarra jaio zela ehun urte beteko dira aurtengo abuztuan. Aldi berean, bera hil zela hamar urte beteko dira ekainean. Hori dela eta, hainbat erakundek bat egin dute musikagilea omentzeko helburuarekin, jarduera anitzak antolatuz. Azken batean, Escuderoren izena zabaltzea dute helburu, eta ekitaldi guztien berri emateko aurkezpena egin zuten atzo antolatzaileek, Koldo Mitxelenan.
Donostian jaio zen Escudero 1912an, eta txikia zela, Zarautzera joan zen bizitzera bere familiarekin. Bertako musika bandan eta udal musika akademian ekin zien musika ikasketei, eta aurrerago, Donostiako kontserbatorioan jarraitu zuen ikasketekin. Gainera, Madrilen eta Parisen bere ikasketak zabaltzeko aukera ere izan zuen. Aurrerago, 1936ko Gerra garaian, erbesteratua egon zen, eta itzuli zenean, kontzentrazio esparru batean sartu zuten. Edonola ere, behin giroa lasaitu zenean, musikagintzan jarraitzeko aukera izan zuen, eta Donostiako Musika Kontserbatorioko zuzendaria izan zen 1962tik 1982ra. Bere musika ibilbidean obra asko sortu zituen, sinfoniko koralak edo operak, esaterako. Gainera, hainbat sorkuntza egin zituen enkarguz, eta ondorioz, herri askorekin lotura izan zuen.
Hori guztia kontuan izanik, inguruko hainbat herrietara zabalduko dute aurtengo ospakizuna, kontzertuak eta hitzaldiak eskainiz: Donostia, Zarautz, Errenteria-Orereta, Oñati, Derio, Azkoitia, Irun, Zumarraga eta Bilbo. Toki horietan guztietan, bere obra ezagun bat baino gehiago interpretatuko dituzte, musika ikasle, irakasle zein profesionalek. Bestetik, erakusketak, antzerkiak eta bestelako jarduerak ere antolatu dituzte. Egilearen partiturak, grabazioak eta bestelako lanak ere argitaratuko dituzte.
Francisco Maria Escudero, Francisco Escudero zenaren semea, prentsaurrekoan izan zen. Bera ere musikaria da, eta kritikoa izan zen bere aitaren sorkuntzak izan duen ibilbidearen inguruan. «Nire aitaren garaiko musikariek egoera gogor batean borrokatu behar izan zuten. Nire aitak egindako lanak ez du merezi duen garrantzia jaso orain arte; ea denon artean merezi duen pisua ematen diogun», azpimarratu zuen behin eta berriro. «Artista hil egin zen, baina bere obra hor dago, eta entzun dadila, berak nahi zuen bezala», gehitu zuen.
- Maiatzak 13. Klabezin eta orkestra seikoterako kontzertua, Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko ikasleen eskutik. Viktoria Eugenia Antzokian, 12:00etan.
- Ekainak 11. Mitoen Sinfonia eta Klabezin eta orkestra seikoterako kontzertua, Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko ikasleen eskutik.
- Ekainak 14-15. Dantzari baten ametsa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoaren eskutik, Orozko-Estrada zuzendariaren gidaritzapean. Kursaalen, 20:00etan.
- Abuztuak 17. Hileta, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa eta Andra Mari abesbatza, Pascal Rophe zuzendariaren gidaritzapean; Musika Hamabostaldiaren barnean. Kursaalen, 20:00etan.
- Abuztuak 20. Klabezin eta orkestra seikoterako kontzertua, Musikeneko Ciklus Ensembleren eskutik; Musika Hamabostaldiaren barnean. Miramar jauregian, 20:00etan.
- Abuztuak 24. Hiru euskal abesti, Musikeneko San Sebastian hirukotearen eskutik; Musika Hamabostaldiaren barnean. Miramar jauregian, 20:00etan.
- Urria. Re meza (orkestra eta abesbatzarako bertsioa), Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko ikasleen eskutik.
- Azaroa. Francisco Escuderoren eta Viktoria Eugenia antzokiaren mendeurrenen omenezko kontzertua, Francisco Escudero Musika Kontserbatorioko irakasleen eskutik. Viktoria Eugenian.
- Azaroak 26. Bosgarren sinfonia: Ultreia, Musikeneko Orkestra Sinfonikoaren eskutik. Viktoria Eugenia antzokian, 20:00etan.
- Abendua. Musikene Sinfonietta kontzertua, Sinfonia Sakratua.
- Abuztuak 30. Francisco Escudero maisuaren inguruko topaketa-omenaldia, EHUko udako ikastaroen barnean. Miramar jauregian, 10:00etan.
- Urriak 3-24. Francisco Escuderori buruzko jardunaldiak. Koldo Mitxelenan, 19:30ean.
- Apirila. Fantasia Geosinfonikaren CDaren aurkezpena. Kutxa Kutxabank eta eta Musikeneren eskutik.