'Txillardegi-leku'
Luix Barinagarrementeria, abokatua
Izenburua idatzi dudanetik jarri zait kitzika atzamarretan. Bai, badakit idaztera noana euskaldun, abertzale, donostiar askoren garunera bisitari agertu den ideia izan dela. Sarri bezala, ez naiz originala izango. Hala ere, dardarrean ditut eskumuturrak ordenagailuaren aurrean jarrita hizkien dantza hasita. Zergatik ukatu, Txillarrekin oroitu eta hunkitu egiten naiz. Berak idatzitako eta esandako asko irakurri eta entzun ditut: liburuak, artikuluak, elkarrizketak, Loretopetik-ak… Idazle, hizkuntzalari, pentsalari, politikari. Gehienetan ados, eta ez bazen ados, beti aintzat hartzeko, bereziki ados egon gabekoekin. Urte askotan auzokideak izan ginen Jose Luis eta biok, Lasala enparantzako lehoiaren begiradapean sarritan egiten genuelarik topo, bera etxetik, ni bulegora; bera etxera, ni bulegotik. Barandiaran kafetegiko terrazan maiz ikusi nuen, Jonerekin, freskagarri edo berogarri baten bueltan, lasai ederrean. Duela hamabost bat urte, Abokatu Euskaldunen Sindikatoaren urte labur eta eder bezain zailetan, diosala eta animuak emateko gutuna egin zidan. Eta beste gerturatze ederra aipatzearren, Donostiako Kafe Antzokia zabaltzeko aurre-lanetan, Antigua auzoan egonik, bertako toponimiaz ezagule eta ikertzaile handia izanik, zenbait elkarrizketa izan genuen izenaren menturaz. Ez genuen azkenean, Jose Luisek iradoki bezala, toponimiaruntz jo DOKA izena hautatu baikenuen, “DOKA ez da ezer baina izango da” esanaz agurtu zuen Txillarrek egitasmoa. Hil ondorengo errekonozimendu, agur, ohore eta bibak emanak zaizkio Jose Luis Alvarez Enparantza zenari. Publikoak. Pribatuak. Isilak. Akustikoak. Idatzitakoak. Esandakoak. Esan gabekoak. Merezitakoak denak, ziur. Hil aurreko errekonozimenduak eduki, eduki zituen batzuk, nabarmenki urriagoak, ordea. Merezimendurik ez bizi bitartean haiek jasotzeko ala? Aintzat hartze eza haren aurrean, bere horretan uzteko aipuak egin zituen azken garaian, dotoreziaz, Txillarrek berak, oker ez banaiz. Eta ez naiz ni izango hautsak harrotzen hasiko dena. Hemen nago, ordea, nire errekonozimendutxo honekin, ezer berri eta espezialik ez duena ekarriko akaso. Baina tarteka egokitzen zaidan zoko hau betetzeko erabilera eskubidearen jabe naizenez, nirea da errekonozimendurako aldarria, kanpora ateratzekoa dudana, Jose Luisi, Txillarri eskaini asmoz. Barruak hala eskatzen didalako. Bere gertuko guztien baimenarekin. Lasalatar Fermin eta Lasala enparantzako lehoiaren baimenarekin. Noizko Jose Luis omentzeko eta merezi bezala oroitzeko “Txillardegi-leku”, “Txillardegi-enea” edo hutsean “Txillardegi” izeneko plaza Parte Zaharrean?