Nerea Txapartegi: "Oso emaitza onak jaso ditu museoak"
Udaleko Kultur arduradunak emandako datuen arabera, San Telmotik 166.146 lagun igaro dira urtebetean
San Telmo Museoko erakusketak
Balantzea (2011ko martxotik 2012ko apirilera)
Behin berritze lanak bukatuta, iazko martxoaren 28an San Telmo Museoa berriz ere ireki zuten. Hala, irekiera berritik urtebete igaro da dagoeneko. Nerea Txapartegi udaleko kultur ordezkariak, eta Susana Soto museoko zuzendariak agerraldia egin zuten atzo, urtebete horren balantzea egiteko. «Oso emaitza onak jaso ditu museoak; aurreikuspenak bete baititu», aipatu zuen Txapartegik. Guztira, museotik 166.146 bisitari igaro dira, bertako erakusketak bisitatuz, ikastaroetan zein hitzaldietan parte hartuz, edo kontzertuetaz gozatuz, besteak beste. Horietatik, %23’7 donostiarrak izan dira, %35’8 Euskal Herrikoak, eta gainontzekoak atzerritarrak. Gainera, alde handiarekin, bisitari gehienak 2011ko apirilean izan ziren: 36.562. Bisita gidatuek ere oso harrera ona izan dute, eta guztira 9.615 egin dituzte. Bisita horietatik, %41 euskaraz izan dira, %49’8 gaztelaniaz, eta gainontzekoak ingelesez eta frantsesez.
Txapartegik ez zuen zenbaki hutsetan geratu nahi izan, eta bide batez, museoan izandako erakusketen kantitatea, kalitatea eta aniztasuna nabarmendu zituen. Gainera, «etorkizun oparoa» espero dutela aurreratu zuen.
Ospakizuna, bihar
Datu horiek guztiak kontuan izanik, ospakizun ekitaldi txiki bat antolatu dute biharko. Ostiralean, museoko sarrera doakoa izango da, eta bai euskarazko zein gaztelerazko bisita gidatuak egingo dituzte, goizean eta arratsaldean. Zehazki, bi bisatu gidatu desberdin egingo dituzte; batetik, Arte Ederretako aretoetan, paisaiari buruzko ibilbidea egingo dute, 11:00etan gazteleraz, eta 18:00etan euskaraz; bestetik, museoko bisita orokorra egiteko aukera ere egongo da, 12:30ean euskaraz, eta 19:00etan gazteleraz. Iluntzean, 19:30ean, udal txistulari bandak emanaldi txiki bat eskainiko du plazan. Ondoren, 20:30ean, kopak eskuetan hartuta, topa sinbolikoa egingo dute arduradunek, hurbiltzen diren herritarrekin batera. Hartara, donostiar guztiei deia egin diete egun horretako ekitaldietan parte hartzeko.
Bazkide programa
Herritarrak apirilaren 20ko ospakizunera gonbidatzeaz gain, museoko bazkide egiteko deia ere zabaldu zuten arduradunek. Bazkide izateagatik urtean 15 euro ordaindu behar dira, eta horri esker, museoaren programaketan eta zerbitzuetan deskontuak jasoko ditu bazkideak. Gainera, Museorako eta aldi baterako erakusketetarako doako sarrera izango dute bazkideek, baita ekitaldi berezietarako gonbidapenak, besteak beste. Bestetik, bazkide babesle egiteko aukera ere badago, urtean 150 euroren truke. Hartara, abantaila gehiago jasotzeko aukera izango da, esaterako, bi bisita gidatu doan, bazkidearentzat eta lagun batentzat. «Goazen denon artean museoa gure egitera», adierazi zuen Txapartegik. Azken batean, museoa donostiarrek beraiek ezagutzea nahi dute arduradunek. «San Telmori buruz guztiok entzun dugun arren, badakigu barrualdea askorentzat ezezaguna dela oraindik; lan asko dugu egiteko arlo horretatik», aipatu zuen sendo Susana Soto museoko zuzendariak.
- Sei milioi beste. 2011ko apiriletik 2011ko abuztura; 89. 568 bisitari eta partaide.
- (Fab)Bots. 2011ko ekainetik 2012ko urtarrilera.
- Federico Fellini (Ilusioen zirkua). 2011ko irailetik 2012ko urtarrilera; 19.595 bisitari eta partaide.
- Historiaurrearen abentura Gipuzkoan. 2011ko azarotik 2012ko urtarrilera; 3.670 bisitari eta partaide.
- Josep. M. Sert (Modeloaren argazki artxiboa). 2012ko Otsailetik 6.406 bisitari eta partaide.
- Bazterrekoen irudiak. 2012ko martxotik 5.169 bisitari eta partaide.
- Josep. M. Sert (Modeloaren argazki artxiboa). 2012ko maiatzaren 20a arte.
- Bazterrekoen irudiak. 2012ko maiatzaren 27ra arte.
- Pantaila Globala. 2012ko ekainaren 29tik irailaren 30era.
- Badu bada. 2012ko azarotik 2013ko otsailera.
- Sutondoan. 2012ko apiriletik.
- Gerra eta Bakea. 2012ko maiatzaren 15etik uztailaren 12ra.
- Donostiako Ibiltariak. 2012ko abuztuaren 10etik irailaren 30era.
- Oteizak Ametzagainako hilerrirako egindako proiektua. 2012ko urriaren 9tik azaroaren 4era.
- Arkitektura: Luis Tolosa. 2012ko abendutik 2013ko otsailera.
- Nafarroako Gazteluak. 2012ko azarotik abendura.