Maiatzaren 7an zabalduko dute Oporretan Euskaraz udaleku irekietan izena emateko epea
Parte hartzeko aukera maiatzaren 11n itxiko dute
Nahiz eta eguraldiak uda urrun xamar dagoela pentsatzera bultzatu, bi hilabete besterik ez da dira falta haurrek ikasturtea amaitu eta udako oporraldiari ekiteko. Ikastolara joan behar ez duten egun horietarako aukera zabala izaten dute: kirol ikastaroren batean izena ematea, ingelesa edo frantsesa ikasteko atzerrira joatea…
Udaleko Euskara Zerbitzuak beste urte batez 5-11 urte bitarteko umeentzako eskaintza prest du: Oporretan Euskaraz. Udaleku irekietan izena emateko epea maiatzaren 7an zabalduko dute 11 arte.
Hogei urte dira ekimen hori lehenengoz antolatzen hasi zirela. Nerea Txapartegi Kultura eta Euskara ordezkariak adierazi du «arrakasta handia» izan ohi duela. Udal gobernuko kidearearen esanetan, euskararen normalizazioan eragiteko tresna «baliagarria da oso», euskara lantzeko eta erabiltzeko helburua «ondo» betetzen dutelako.
Egitasmoan, 2001etik 2006ra bitartean (bi urte hauek barne) jaiotako haurrek har dezakete parte. Taldeak, gehienez ere, hamabi haurrez osatutakoak izaten dira eta ereduaren, jaiotze urtearen eta jasotze puntuaren arabera eratzen dituzte. 78 talde osatzen dituzte eta plazak zozketa bidez banatzen dituzte. Maiatzaren 17an egingo dute zozketa eta Euskara Zerbitzuaren iragarki taulan ala sarean argitaratuko dute zerrenda.
Udalekuak uztailean dira bakarrik, astelehenetik ostiralera, 09:30etik 13:30era. Astean behin egun osoko irteera izaten dute haurrek, 09:30etik 17:30era bitartean, haur hezkuntzakoek izan ezik. Era horretan, lagun berriekin hondartzara joan, hiriko parke eta lorategietan jolasak egin, ingurumena landu eta beste hamaika jarduera euskara hutsez egin nahi duten umeek maiatzaren 7tik 11ra dute izena emateko aukera.
Izena ematea 16:00etatik 19.00-etara egin ahal izango da Udaleko Euskara Zerbitzuaren bulegoetan (Konstituzio plazaren 2an). Parte Zaharrera hurbildu gabe, Internet bidez ere egin daiteke Euskaraz.net edo Donostia.org atarietan.
Izena eman duten haur guztien zerrenda maiatzaren 14an ikusgai egongo da Udaleko Euskara Zerbitzuaren iragarki taulan eta Euskaraz.net eta Donostia.org atarietan. Egun horretan, zerrendan ager daitezkeen datu okerrak zuzentzeko aukera egongo da 943 -483750 telefonora deituz, 16:00etatik 19:00etara.
Hilabete osoko kuota 145,29 eurokoa da. Familia ugarientzat, berriz, 108,97 eurokoa da eta familia ugari berezientzat, 72,64. Familia ugariek Eusko Jaurlaritzak emandako familia ugariaren txartela aurkeztuko dute. Bestalde, gizarte laguntza jasotzen duten familietako haurrentzat 14,53 eurokoa izango da kuota. Egoera hori Ongizate sailaren bidez egiaztatuko du Euskara Zerbitzuak. Prezio horretan material eta garraio gastuak barneratu dituzte.