Kalapiek Berara txangoa antolatu du maiatzaren 6rako
Kalapiek aurtengo lehenengo txangoa egingo du maiatzaren 6an: Irundik Bera herrira joango dira bizikletan. Amarako topo geltokian elkartu, eta 9:15eko trena hartuko dute. Irungo nazioarteko zubitik abiatu, eta auto zirkulazio gutxiko kale batean kilometro inguru egin ondoren, Bidasoa ibaiaren ertzeko bidegorria hartuko dute, Berara heldu arte. Ibilbideak 35 bat kilometro ditu eta Bidasoako bide berdearen zati bat da; garai batean Irun eta Elizondo lotzen zituen Txikito trenbidearen zatia. Bazkaria Beran egin, eta 18:00ak aldera itzuliko dira.
Antolatzaileek ura eta jateko zerbait eramatea aholkatu dute. Halaber, tunel batzuk zeharkatuko dituztenez, kopetargiak edo linternak eramatea ere gomendatu dute, bizikletaren oinarrizko tresnekin batera.
Ibilaldian parte hartu nahi dutenek 629 271 481 telefonora deitu behar dute izena emateko.