Karrika Jaialdia ospatuko dute bihar Groseko Kortxoenea Gaztetxean
Kaleko artearen alde, goizetik gauera hitzaldiak, tailerrak eta kontzertuak antolatu dituzte
Groseko Kortxoenea Gaztetxean Karrika Jaialdia ospatuko dute bihar, egun osorako antolatu dituzten hainbat ekitaldiren bidez. Kaleko Arte Jaialdia izango da Karrika, «periferian eta periferiarako sortua», diote antolatzaileek jaialdirako sortutako webgunean. Izan ere, Kortxoeneakoen ustez, «hirien periferiak dira pentsamendu originalaren erdigune; maitasun, gorroto, atsekabe eta erradikaltasunez beteak». Hala, Karrika Jaialdiak pentsamolde hori beteko duela diote, eta bertara gonbidatu dituzte «benetakoaren maitaleak eta gezurrarengan fedea dutenak».
Goiza, egun osoan egongo den erakusketarekin hasiko dute. Whitepunk artistaren inguruan Antton Garai kolektiboak osatutako erakusketa izango da. Bestetik, mural eta graffiti pintaketetan ere egun osoan arituko dira, 10:00etan hasita. Bertan, hainbat artistek parte hartuko dute, baita inguratu eta pintatzen hausartzen diren guztiak ere. Momentuz,badakite bertan izango direla IBB Kolektiboa, Perderika Kolektiboa, KML, Pauline Bernadette, Trini, Julieta Metrayeta, Sebasura, Derok, Dizebi, Adriu eta DJ Aitona Julian, besteak beste.
Tailer pare bat ere antolatu dituzte, bata txantiloiena, eta bestea, buruko berokiena. Ondoren, berrindartzeko, herri bazkaria egingo dute, albokaren laguntzarekin.
Arratsaldean gehiago
Bazkalostean, kale artista baten hitzaldia izango dute, Pauline Bernadette. Horrekin batera, hainbat kaleko arte proiektuen ikusentzunezkoak eskainiko dituzte, eta eztabaidatzeko aukera zabalduko dute. Igor Rezolak ere parte hartuko du. Itsasondoko artista gaztea da Rezola, eta Bas46 izenpean hasi zen paretak margotzen; egun, Dizebi ezizena erabiltzen du.
IBB kolektiboak, Banksy Donostian aurkeztuko du. 2010ean hirian agertutako ustezko Banksyren graffitia izango du oinarri. Hala ere, azken hilabeteetako beste hainbat gertakariren berri ere emango du. Animeta proiektua ere aurkeztuko dute, eta ondoren, Night play dokumentala ikusiko dute.
Eguna hasi bezain ongi bukatzeko, Rock Funky Gaua antolatu dute. Bertan, Oreindik eta Makulu Ken taldeak zuzenean ariko dira. 20:30ean hasiko dira kontzertuak, eta gainontzeko ekitaldietarako bezala, sarrera librea izango da. Informazio gehiagorako: karrikajaialdia.blogspot.com.
Karrika Jaialdia (Apirilak 28): Egitaraua
- Goizean. Whitepunk izeneko artista outsiderraren inguruko erakusketa Antton Garai kolektiboaren eskutik.
- 10:00. Mural eta graffiti pintaketak. Goizetik hasita hainbat artisten artean Gaztetxean muralak egingo dituzte. Parte hartzea librea izango da.
- 11:00. Plantilla edo txantiloi tailerra.
- 11:00. Buruko beroki (pasamontañas) tailerra.
- 14:00. Herri bazkaria, albokarekin.
- 16:30. Pauline Bernadette kale artistaren eskutik, Prozedura irregularrak kaleko arte sorkuntzan hitzaldia. Ondoren, bideo proiekzioak eta eztabaida irekia.
- 17:15. Igor Rezolak azken interbentzioen aurkezpena egingo du. Hitzaldia eta eztabaida irekia.
- 18:00. IBB Kolektiboak Banksy Donostian proiektu situazionistaren aurkezpena egingo du Gezurra: ondorio errealak dituen egia lelopean. Azken hilabeteetan gertatutako beste zenbait ekintzen berri ere emango dute.
- 18:45. Animeta proiektuaren aurkezpena. Kaleko artearen mugak eta esperimentazio artistikoaren etikaren inguruko proiektua.
- 19:00. Night play. Graffitiaen inguruko dokumentalaren emanaldia, eta ondoren, eztabaida irekia, Adriu eta Counekin.
- 20:30. Rock Funky Gaua: Oreindik eta Makulu Ken.